Abenduaren 26an izango da Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak urtero antolatzen duen Eguberrietako bertso-jaialdia, eta sarrera “guztiak” agortu direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Elgoibarko hiri bilakaera izenburuko liburua aurkeztuko du Luis Ulazia arkitektu elgoibartarrak gaur (abenduak 18), Elgoibarko kultur Etxean (19:00). Ulaziak 73 urte ditu eta 1981. urtetik 2000. urtera bitartean udal arkitektoa izan zen.
1954an sortu zuten Danobat enpresa Ermuaranbide kaleko tailer txiki batean. Hirurogei urte pasa dira ordutik eta egun munduko enpresa garrantzitsuenetarikoa da erreminta-makinaren sektorean. Abenduaren 14an, 500 lagunetik gora batu ziren Elgoibarko Arriaga auzoan kokatua dagoen lantegira, 60. urteurrena ospatzera.
Jostailuak eta opariak jasotzeko kanpaina egin zuen Elgoibarko Gurutze Gorriak, eta jasotako jostailu guztiak Gabon egun bezperan, abenduaren 23an, banatuko dituzte zailtasun ekonomikoak dituzten familien artean. Aurten 140 ume inguruk jasoko dituzte jostailuok, aurreko urteetan baino gehiagok.
Atzo aurkeztu zuten jendaurrean Elgoibarko Udalak argitaratzen duen 2015eko egutegia, egutegia osatzeko antolatu dituzten argazki eta marrazki lehiaketetako irabazleak saritzeko antolatutako sari-banaketa ekitaldian. Aurtengoan, zazpigarren aldiz antolatu dute argazki lehiaketa Udalak eta Ongarrik elkarlanean. Argazki lehiaketa honetan 47 herritarrek parte hartu dute, eta guztira, 206 argazki aurkeztu dituzte. (saritutako argazki guztiak barruan)
2014ko Kirol Federatuaren Sariak banatuko ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak abenduaren 22an. Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik kirolari buruzko mahai ingurua antolatu dute. Aurtengoan, "Realaren balioen" inguruan berba egingo dute hizlariek: Jokin Aperribai talde txuri-urdineko presidenteak eta bi jokalarik.
Dominikar Errepublikan ateratako argazki sorta aurkeztu zuen lehiaketara Eduardo Arrillaga argazkilari elgoibartarrak, eta Baseballland izenekoa saritu dute Asisa nazioarteko argazki lehiaketaren seigarren edizioan.
Eibarko Bolunburu oroigarri krosarekin batera, Gipuzkoako Kros Txapelketa jokatu zen domekan Arrateko Olabeko kanpetan, eskola kirolean dabiltzan atletentzat zein atleta federatuentzat. Gaztetxoen mailan Mintxeta Atletismo Taldeko bi ordezkari nabarmendu ziren. Mustapha El Hachmi elgoibartarra (ondoko argazkian) izan zen garaile jubeniletan eta Martin Hernandezek brontzezko domina eskuratu zuen kadeteetan. Emakumezkoen senior mailan, berriz, Maite Maiora mendaroarra gailendu zen.
Segiko kide izatea egotzita, 28 gazteren kontrako 1/12 sumarioaren epaiketa hasi zuten irailaren 22an Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Auzipetuen artean zegoen Ainara Ladron elgoibartarra, baina Fiskalltzak jakinarazi berri duenez, akusazioa erretiratu die hamabi gazte auzipeturi, tartean Ainara Ladroni.
Gabon Zaharreko kanpaiak Elgoibako Kalegoen plazatik eskainiko ditu ETBk abenduaren 31n, eta joan den barixakuan grabatu zuten saioa. Urtezahar-gaueko ospakizunak ia hogei egun aurreratzeak ikusmina sortu zuen herrian, eta hala, ikusminez, plaza bete zuten herritarrek. Azkenean, iragarritakoa baino dezente beranduago grabatu zuten plazan batutakoentzat gaueko unerik garrantzitsuena zena, San Bartolome parrokiako ordularia gauerdira ailegatu zen unea, alegia. Elgoibarko Udalak 20.000 euro jarri zituen grabazioa Elgoibarren egin zedin eta ostiralekoaz balorazio positiboa egin du Alfredo Etxeberriak. (argazkiak eta bideoa dauzka)
Jaiotza lehiaketa egin zuten atzo, eta 69 umek 26 jaiotza aurkeztu zituzten, iaz baino zortzi jaiotza gehiago. Epaimahaiak lehen sariarekin saritu zuen Ainitze Plaza, Eider Plaza, Maddi Plaza eta Olatz Makazagak aurkeztutakoa. Hortaz, Ainitze Plazak eta Eider Plazak bigarren urtez jarraian irabazi dute lehiaketa, iaz ere lehen saria lortu zuten-eta. (argazkiak dauzka)
Zapatuan aurkeztu zuten Elgoibarko Maisuen Nazioarteko 24. Xake Txapelketa, eta dagoeneko jokatu dituzte estreinako partidak. Hilaren 19ra bitartean jokatuko dituzte partidak udaletxeko pleno aretoan.
Txapeldunetan txapelduna. Horixe da 2014. Urteko Gazta Txapelduna ardi-gazta lehiaketan aukeratuko dutena Gabon Zahar Ferian, abenduaren 27an. Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututa, aurten Euskal Herrian egin dituzten 18 ardi-gazta lehiaketetako bat, gutxienez, irabazi dituzten gaztagileak batuko dira Elgoibarren. Hau da, hamar gaztagile, tartean Mausitxa.
Elgoibarko jubilatuek euren astea ospatzen dihardute asteon, eta hainbat ekintza antolatu dituzte datorren astelehenera bitartean. Atzo, 80 urtez gorakoak omentzeko bazkaria egin zuten Jubilatuen Biltokian eta aurten urrezko ezteiak bete dituzten sei bikote ere omendu zituzten, guztiak 1964an ezkonduak.