Aldundia gaur (abenduak 9) hasiko da 2026ko foru egutegia doan banatzen, Donostiako Gipuzkoa plazako Foru Jauregiko arkupeetan. Ondorengo egunetan lurraldeko udalerri guztietara eramango duen ibilbide bat hasiko dute, abenduaren 19ra arte.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, iazko banaketaren "arrakastaren" ondotik dator bigarrena: "Lehen aldiz egutegia Gipuzkoa osoan banatu zen iaz, eta udalerri guztietara joango gara berriro; bereziki esanguratsua den urte honetan lurralde osora iritsiko dela bermatzeko, Aldundiaren egutegiak Gipuzkoaren begirada eta balioak jasotzen baititu". Aurtengo egutegiak Gipuzkoako balioak ditu oinarri, Ekin. Zaindu. Bizi. leloarekin jasoak.
Egutegiko irudiak aukeratzeko lehiaketak bere parte-hartze errekorra hautsi du aurten, 1.073 argazki jaso baitituzte. Aldundiko eta Gipuzkoako Argazkilari Elkarteko ordezkariek osatutako epaimahaiak 17 irudi finalista aukeratu zituen, kalitate teknikoagatik, narrazioaren indarragatik eta lurraldearen berezko bizimoduak eta balioak islatzeko gaitasunagatik. Horien artean, 13 irabazle hautatu zituzten, eta 2026ko egutegiko azalaren eta hamabi hilabeteen protagonista dira.
Debabarrenean, honako egunetan egingo dira banaketak:
- Abenduak 12
Eibar. Untzaga plaza. 16:30-18:30
- Abenduak 13
Soraluze. Zaharra plaza. 10:00-11:00
Elgoibar. San Frantzisko kalea. 11:30-12:30
Mendaro. Herriko enparantza. 13:00-14:00
Mutriku. Txurruka plaza. 16:00-17:00
Deba. Foruen plaza. 17:30-18:30