Pello Reparazen 'Xiberutikan Mendebaldera' kantuarekin egingo da Korrika

Barren 2025eko abenduaren 11

Pello Reparazek konposatutako Xiberutikan Mendebaldera kantuak musikatuko du aurtengo Korrika. Kantuan, Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena kantari nafarrek ere abesten dute eta bideoklipean ere azaltzen dira Reparazekin batera. Gaur, eguena, aurkeztu dituzte kantua zein bideoklipa Agoitzen. 

Gaurko aurkezpenean esplikatu dutenez, Pello Reparazek berak egin ditu kantuaren musika eta letra, eta bideokliparen zuzendaritza-lanak ere bereak dira, baina kantuan lagun izan ditu Maixux Zugarramurdi eta Erramun Marikorena.

Bideoklipari dagokionez, berriz, plano sekuentzia bat da, eta hainbat dantzarik parte hartu dute bertan abeslariekin batera.

24. Korrika martxoaren 19an hasiko da Atharratzen, eta martxoaren 29an bukatuko da Bilbon. Euskara gara izango da leloa eta Errigora egitasmoa omenduko dute.

Honako hauxe da, berriz, aurtengo mezua:

Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.

Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.

Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.

Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.

Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…