Aho batez onartu dute Mendaroko zinegotziek 2026rako aurrekontua. Ohi legez, udalak finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldudniaren foru funtsa izango da diru iturri nagusia datorren urtean ere. Mendarok 1.927.465,90 euro jasoko ditu poltsa horretatik, iaz baino 125.000 euro gehiago.
Gainerakoan, inbertsio errealen atalean eman da aldaketarik handiena, ia laukoiztu egin delako atal horretara bideratutakoa 2025ko aurrekontuarekin alderatuz gero: 353.500 eurotik 1.319.774,05 eurora.
Inbertsioen artean, bi dira bereziki nabarmentzekoak: batetik, jubilatuen taberna eta egoitzaren erreforma eta, bestetik, herriko kale argiteria osoa LED teknologiara aldatzea. 600.000 euro bideratuko dira lehenengorako 2026an, aurten gorde diren 150.000 euroei gehituta. Jubilatuen taberna eta egoitza erreformatzeko lanak azaroan hasi zituzten, eta uztailerako amaitzea aurreikusten dituzte. Bestetik, herriko kale argiteria LED teknologiara aldatzeko 507.274,05 euro bideratuko ditu 2026an Udalak. Urteak dira Mendaroko Udala, zatika-zatika, kale argiteria LED teknologiara aldatzeko urratsak ematen dabilela eta urte hasieran kale argiteria osotik LED teknologiara aldatzeko geratzen zen partea (%65) berritzeko laguntza eskatu zuen Trantsizio Ekologikorako Ministerioko IDEIA trantsizio energetikorako institutura. Irailean eman zuten ebazpena, eta orduan jakin genuen Udalak 507.274,05 euroko laguntza jasoko zuela, mailegu moduan, interesik gabe 10 urtean itzultzeko.
Bi horiez gain, beste hiru inbertsio ere jaso dituzte inbertsio errealen atalean:
- Udalaren lokal komertzial bat Etxebidek kudeatutako alokairurako etxebizitzia bezala egokitzeko: 80.000 euro
- Hirigintzako obra txikietarako: 50.000 euro
- Landaguneko inbertsioetarako: 30.000 euro
Inbertsioetaz aparte, kultura eta gizartegintzan aurreikusitako gastuek ere igoera izan dute 2026ko aurrekontuetan. Kulturan, esaterako, %10eko igoera aurreikusi dute: 469.635 eurotik 518.215 eurora. Gizartegintzan, berriz, igoera %4,5ekoa izan da: 549.450 eurotik 573.900 eurora. Udaletik zehaztu dute modu horretan iazko aurrekontuetako babes sozialeko neurri batzuk egonkortu dituztela, eta beste partida batzuk, handitu. Iaz, etxez etxeko laguntza %71 eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza %33 igo zituzten, eta horri eutsi diote aurten. Bestetik, berdintasunerako partida 8.000 eurotik 20.000 eurora igoko dute 2026ko aurrekontuetan, eta adinekoen buru osasuna eta autonomia bultzatzeko sortutako Burulogy programara beste 8.000 euro gehiago bideratuko dituzte, 12.000 eurotik 20.000 eurora igo baitute.