23,4 milioiko aurrekontu proposamena egin du Elgoibarko Udal Gobernuak, iazkoa baino %9 handiagoa

Barren 2025eko abenduaren 5a

Elgoibarko Udal Gobernuak 23.427.676,20 euroko aurrekontua proposatu du 2026rako, iazko urte hasierakoarekin alderatuta %9,03 handiagoa. EH Bilduk aurreratu du ez dituela 2026ko aurrekontuak babestuko. 

Abenduaren 9an egingo du Elgoibarko Udalak 2026ko udal aurrekontua onartzeko osoko bilkura. Udal Gobernuak 23.427.676,20 euroko, iazkoa baino  1.941.192,72 euro handiagoa (%9,03). 

Sailak

Sailak eta arlo nagusiak kontuan hartuta, honakoa da banaketa:

  • Antolakuntza: %26
  •  Herritartasuna: %33,7
  • Lurraldea: %40

Inbertsioak

2026rako inbertsio nagusien zerrendan ondorengoak nabarmendu dituzte: 

  • Errezabaleko aparkalekua: 1.600.000 €
  • Herri bideen konponketak: 90.000 €
  • Udal komunitate energetikoa: 240.000 €
  • Mintxetako gimnasioa: 125.000 €
  • Landaguneetako lanak: 169.500 €

Aurrekoez gain, beste erakunde batzuekin elkarlanean ere hainbat proiektu abiatu ditu Udalak: 

  • Anbulatorio berria / 3.6 milioi euro
  • Pedro Mugurutza eraikina / 1.8 milioi euro
  • Santa Klarako komentuaren izaera soziala bermatzeko proiektua / 0.2 milioi euro
  • Altzola–Mendaro bidegorriaren idazketa / 0.3 milioi euro (Foru Aldundiko aurrekontuen
    onarketaren menpe dago)
  • Danobatekin lankidetza: muskulazio gela berritzea eta erdiguneko lokal bat egokitzea
    komun publiko berriak sortzeko / 0.18 milioi euro
  •  Errezabal Egoitza / 21 milioi euro

Sarrerak 

Diru sarreren atalean ondorengo datuak eman dituzte:

  • Zuzeneko zergak: %9ko igoera
  • Tasa eta bestelako sarrerak: %32ko igoera (pisurik handiena hiri hondakinen bilketak,
    guztizkoaren ia %62)
  • Transferentzia arruntak: %6,23ko igoera

Horrez gain, aparte nabarmendu dute Foru Aldundiaren hazkundea: %7,18, guztira 11.538.450 euro. 

Aurrera begira 

Etorkizunerako asmoen artean, egungo beharrak asetzeaz gain erronka berriei aurre egiteko asmoa dutela nabarmendu dute, udalerriaren garapena modu koherente, ordenatu eta iraunkorrean bermatzeko. Azaldu dutenez, alde zaharreko eta Altzolako eraberritze planak, kirolaren eta trantsizio energetikoaren plana izango dira hurrengo urteetako lan-ildo nagusiak. 

Langileen lan baldintzak hobetzeko azken urteotan egindako lana ere nabarmendu dute.  Lantalde egonkor eta profesionala lortzeko ahaleginak bere fruituak eman dituela azaldu dute Udaletik, eta horri esker zerbitzu hobea emateko ahalmena dutela azpimarratu dute. 

Aurrekontuaren lanketa oposizioarekin 

Aurrekontu proiektua behin idatzita, Udal Gobernuak proposamena oposizioko kideei aurkeztu
ziela azladu du, negoziazio prozesu bat zabaltzeko. Oposizioko taldearekin aurrekontua lantzeko hiru batzorde egin dituztela adierazi dute, eta hirugarren batzordea baino lehen bilera osagarri bat ere izan zutela, ekarpenak xehatzeko. Udal Gobernutik esan dute jarrera irekia erakutsi dutela, eta oposizioaren ekarpenak jaso ostean ondorengo balorazioa egin dute: 

  • Proposatutakoaren %60a aurrekontuan jasota dago
  • %12,5 lantzen ari da, finantzaketa lortuz gero martxan jartzeko prest egoteko
  •  %6,25 aurrekontu-zenbaki zehatzik gabe aurkeztu da.

"Hori horrela, esan dezakegu %80an lerrokatuta daudela Udal Gobernua eta oposizioa, eta, elkarlanerako tarte zabal eta emankorra dagoela".