Salgai daude Goazen ikusteko sarrerak

Barren 2025eko abenduaren 12a

Urtarrilaren 16an etorriko dira Go!azen telesaileko aktoreak Elgoibarrera, eta bi kontzertu emango dituzte. Dagoeneko salgai daude sarrerak. 

Go!azen telesaileko aktoreak hasita daude kontzertu emanaldiekin, eta urtarrilaren 16an izango ditugu Elgoibarren. Bi saio emango dituzte, 17:00etan lehenengoa eta 19:00etan bigarrena. 

Online salmenta gaur zabaldu dute, Herriko Antzokiaren webgunean. 

Herriko Antzokiko lehiatilan ere erosteko aukera egongo da gaur, 19:15etik 21:30era, eta emanaldi egunera bitartean, zapatuetan ere zabalduko dute txarteldegia ordu berean.  

Honela dio aurtengo denboraldiko sinopsiak: Maitanek ideia zoragarri bat garatu du aurten: Basakabi “bigarren aukerako” udaleku bihurtu du. Kontua da Garaziri ez diola bere asmoen berri eman eta Basakabi arazoak dituzten gaztez bete dela. Hemendik aurrera, Garazik eta Maitanek uda zaila biziko dute Basakabin. Etorri diren gazte berriek iskanbilak sortuko dituzte, eta dena zailago egiteko, Kuxkuxero izeneko pertsona batek ikasleei buruzko informazioa zabalduko du sareetan. Maitasuna, anaien arteko gorrotoa, mendekua eta abesti berri asko ekarriko ditu aurtengo denboraldiak.