Antxon Alonso enpresaria atxilotu dute

Barren 2025eko abenduaren 11

Antxon Alonso Espainiako Senatuan, 'Koldo auzia' ren Ikerketa Batzordean egindako agerraldian. Jesus Hellin/STUDIO MEDIA 19 (Europa Press)

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu dute Antxon Alonso Egurrola enpresaburu elgoibartarra, Servinabar 2000 enpresaren jabea. 

Alonsorekin batera beste bi lagun ere atxilotu dituzte operazio berean: Leire Díez militante sozialista ohia eta Vicente Fernandez Guerrero Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateko (SEPI) presidente izandakoa. Atxiloketok atzo egin zituzten Guardia Zibileko UCO Unitate Operatibo Zentraleko agenteek, Antonio Piña Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Hortaz, Alonsoren atxiloketa hau ez dator Auzitegi Gorenak ustezko hozkaden sareagatik irekitako prozesutik, Auzitegi Nazionala fiskaltzarekin egiten ari den ustelkeriaren kontrako ikerketa paralelo batetik baizik. 

Servinabar enpresa funtsezko pieza da Auzitegi Gorenean Santos Cerdanen eta Jose Luis Abalos ministro ohi sozialistaren aurkako auzian. Servinabar eta Acciona enpresak ikertzen ari dira kausa horretan ustezko ustelkeriagatik, hainbat kontratu publikoren onuradun izatea leporatuta. Alonso da haren Servinabarren jabea, baina Guardia Zibilak Santos Cerdani ere egotzi dio haren jabetzaren parte izatea. 

Auztegi Nazionalaren azken ikerketa hau sekretupean dagoen arren, zenbait hedabidek argitaratu dute kontratazio publikoetan izandako ustezko ustelkeria kasuak ikertzen ari direla, eta atxilotuei prebarikazio, dirua bidegabe erabiltze, influentzia trafiko eta antolakunde kriminal bateko kide izatearen delituak egozten dizkietela. UCO unitateren arabera, Servinabarrek SEPIren hainbat kontratazio publikotan parte hartu zuen.