Martxan da kalteberatasun egoeran dauden umeei opariak egiteko 'Gabonetako zuhaitz solidarioa' kanpaina

Barren 2025eko abenduaren 11

Kalteberatasun-egoeran dauden 32 haurri Gabonetan opariak egiteko kanpaina jarri du abian Elgoibarko Udalak Gurutze Gorriarekin elkarlanean.

Hirugarren urtez antolatu dute 'Gabonetako zuhaitz solidarioa' kanpaina. Aurtengoan 32 haurrek jasoko dute oparia elkartasun ekimen honen bidez. Umeen kopurua aurreko urteetakoa baino txikiagoa den arren, hainbat enpresak ekarpen handiagoa egin dutela zehaztu dute sustatzaileek, "Gurutze Gorriaren bidez haur gehiagok opariak jaso ditzaten". Elgoibarko Udalak parte hartzera animatu ditu herritarrak gabon hauek haur guztientzat ahalik eta "berezienak" izan daitezen. Kanpainan jasotako opariak Olentzeroren eta Mari Domingiren eskutik jasoko dituzte neska-mutilek, abenduaren 24an.

Kanpainaren funtzionamendua

Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) jarri dute zuhaitz solidarioa, eta abenduaren 19ra arte egongo da zuhaitz oinean opariak lagatzeko aukera. Parte hartu nahi duten herritarrek zuhaitzeko apaingarrietako bat hartu behar dute, eta barruan aurkituko dituzten jarraibideei kaso egin. Honakoak dira jarraitu beharreko pausuak:

  1. Hurbildu 'Gabonetako zuhaitz solidarioak' dauden lekura eta aukeratu apaingarri bat.
  2. Erosi opari berri bat, sexistak edo belikoak direnak saihestuz, eta, ahal dela, aukeratu jolas sinbolikoa sustatzen duten jostailuak, apaindura-txartelean aurkituko dituzun jarraibideen arabera.
  3. Idatzi dagokion kodea oparian.
  4. 'Gabonetako Zuhaitz Solidariora' itzuli eta oparia han laga. Opari emaleak apaingarria jasoko du oparitzat, elkartasun kanpainan parte hartzeagatik.