Euskaraldia

Euskaraldiak asko eman digu, baina, beharbada, eman ditu eman beharrekoak

Barren 2025ko eka. 27a, 15:01

Euskaraldiaren 4. edizioa amaitu eta hilabetera ariketaren balorazioa egin du Elgoibarko Euskaraldia Taldeak. Hona ekarri dugu.

2018ko azaroan hasi ginen Euskaraldia ariketa soziala egiten, bai Elgoibarren eta baita Euskal Herrian ere. Euskaltzaleon Topagunearen proposamena izan zen, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean prestatuta. Euskararen erabilera areagotzeko ariketa da Euskaraldia, eta zortzi urteko ibilbidea egin du. Izango al da bosgarren ediziorik?

Aurreko edizioetan ere egin izan ditugu balorazioak, baina oraingoan balorazio sakonagoa egitea erabaki dugu. Izan ere, Euskaraldia mugarri batera iritsi dela uste dugu, eta ondo aztertu nahi dugu ariketak zer bide hartu behar duen. Ariketak orain arte eman diguna ikusiko dugu ondorengo lerroetan, eta ariketaren etorkizunaren gaineko iritziak ere irakurriko ditugu.

Lau balorazio-lerro landu ditugu, eta laurek emandakoa ekarri dugu hona:

  1. Aurtengo hasiera ekitaldian jendeak esandakoa.
  2. Entitateek egin duten balorazioa.
  3. Kultur Etxeko sotoan egindako balorazio irekiak emandakoa.
  4. Ariketan aurten izena eman dutenei pasatako galdetegiaren erantzunak.
  5. Elgoibarko Euskaraldia Taldeko koordinatzailearen iritzi-artikulua

Hasiera ekitaldian jasotako iritzi eta komentarioak

Aurtengo maiatzaren 15ean, Euskaraldia ariketa sozialaren 4. edizioaren hasiera-ekitaldian, Kalegoen plazan bildu ginen eta talde txikietan jardun genuen bi galderaren bueltan gogoeta egiten: zer eman digu Euskaraldiak orain arte? Zer ez dugu lortu? Gogoeta interesgarrienen entresaka egiten saiatu gara.

ZER EMAN DIGU EUSKARALDIAK ORAIN ARTE?

  • Hizkuntza-kontzientzian eragin digu (7 taldetan esandakoa).
  • Euskara gehiago egiten dugu Euskaraldiari esker (6 taldetan).
  • Euskararen gainean hausnartzeko aukera eman digu (5 taldetan).
  • Euskararekiko ilusioa eta motibazioa piztu digu Euskaraldiak (5 taldetan).
  • Hizkuntza ohitura batzuk aldatzea lortu dugu (5 taldetan).
  • Lehen hitza euskaraz izatea lortu dugu (4 taldetan).
  • Euskaraz dakien eta euskaraz egiten duen jende berria ezagutzeko aukera eman digu (4 taldetan).
  • Talde edo komunitate bateko parte garela sentitzeko harrotasuna eman digu (4 taldetan).
  • Euskaldun berriei laguntzeko aukera eman digu ariketak (3 taldetan).
  • Euskararen alde egiteko beste aukera bat da Euskaraldia (2 taldetan).
  • Euskaraz gehiago egiteko ausardia eta konfiantza eman dizkigu Euskaraldiak (2 taldetan).

ZER EZ DUGU LORTU?

  • Ez dugu lortu jende batekin hizkuntza-ohiturak aldatzea (4 taldetan).
  • Ez dut lortu estres linguitikoa baretzea.
  • Ez dut lortu euskaraz egiteko lotsa eta urduritasuna kentzea.
  • 11 egun gutxiegi da. Urte osora zabaldu behar da ariketa.
  • Ez dut lortu gure gazteei sentimendua transmititzea.
  • Ez dut lortu elkarrizketa elebidunetan eroso sentitzea.
  • Ez dugu lortu euskara erabiltzen ez dutenentzat Euskaraldia erakargarri izatea.
  • Ez dugu lortu euskara urte osoan erdigunean izatea hainbat sektoretan.

4. ediziorako erronka edo helburu zehatzik bazuten galdetuta, gehien errepikatu ziren bi erronka ekarri ditugu hona: "euskara ulertzen dutenekin euskarari eustea ahalik eta gehien, nahiz eta eurek gaztelaniaz egin" (5 taldetan) eta "lehen hitza beti euskaraz egitea" (3 taldetan).


Entitateen balorazioa

Elgoibarko 101 entitatek eman zuten izena Euskaraldia ariketan. Ariketa amaitu eta handik hiru egunera honako galdera hau egin genien denei: 'zuen entitatean euskara gehiago egin eta entzun al da Euskaraldia ariketak iraun duen 11 egunetan?' 27 entitateren erantzunak jaso ditugu.

Euren entitatean Euskaraldiak eraginik izan ez duela esan duten entitateen artean, bederatzi entitatek erantzun hori arrazoitu egin dute, eta esan digute ez duela eraginik izan euren eguneroko jarduna euskara hutsean izaten delako.
Dendari batek, berriz, esan digu eurek ilusio handiarekin egin dutela Euskaraldia, baina Elgoibarko merkataritza triste dagoela, eta horrek eragina duela.
Enpresa batetik jaso dugun mezuarekin amaituko dugu: “gurean broma eta broma artean saiatu gara euskara gehiago egiten”. Euskaraldia egiteko modu asko daude. Denak dira balekoak. Egitea da kontua, ekitea, eta ahal dena egitea.

 

Sotoan egindako balorazioa

Maiatzaren 29an 15 lagun elkartu ginen Kultur Etxeko sotoan Euskaraldia baloratzeko. Bi orduko balorazio-saioan iritzi interesgarri asko entzun eta jaso genituen. Hemen batzuk:

1. ARIKETA-TALDEKA: Euskaraldiaren helburua da euskara dakitenen artean euskara gehiago egitea. Ariketak balio du helburua lortzeko?

  • Euskaraldiak balio dezake, eta lehen edizioak eragin handia izan zuen. Orain, baina, laugarren edizioa bete denean, ez diogu halako eraginik ikusten.
  • Nahiz eta emaitzak ez diren guk nahiko genituzkeenak, gure ustez ariketak balio du helburua lortzeko.
  • Entitate barruetan, akaso, eragin handiagoa izan du ariketak kalean baino. Eragina, gainera, ezin da 11 egunetarako bakarrik izan.
  • Gure ustez, euskararen erabileran eragingo duen ekimenen bat behar dugu, baina konplikaziorik gabe: izen-ematea, txapa hartu eta jantzi …


2. ARIKETA-TALDEKA: EUSKARALDIAren 4. edizioa baloratu, galdera hauei erantzunda:
2.1. Eroso sentitu al zarete ariketa egiten?
2.2. Txapa egunero jantzi duzue?
2.3. Euskara gehiago egin duzue 11 egunetan?
2.4. Aldatu duzue hizkuntza-ohituraren bat?

  • Bai, eroso jardun dugu, baina txapa ez dugu egunero jantzi. Apenas egin dugun euskara gehiago ariketari esker, eta ez dugu gure hizkuntza-ohiturarik aldatu.
  • Taldeko batek dendari batekin izan du esperientzia positiboa, baina zaila ikusten du denboran irautea.
  • Bai, eroso sentitu gara, baina batzuetan urduri ere egon gara. Taldeko batek lankide batzuekin hizkuntza-ohiturak aldatzea lortu du.
  • Seinale ona al da jendea eroso sentitzea ariketa egunetan? Hizkuntza-ohiturak aldatzea bada helburuetako bat, ez al dugu urduritasun edota tentsio puntu bat nabaritu behar?
  • “Txapa eramateak, batzuetan, deseroso sentiarazi nau, baina ez ariketarengatik. Deseroso sentitu naiz aurpegi garbiketa baten parte nintzela sentitzen nuelako” .


3. ARIKETA-BAKARKA: EUSKARALDIAren 5. edizioa antolatu behar dela uste al duzue?
BAI: 0 / EZ: 4 / ZALANTZAN: 8

  • Zerbaiten beharra ikusten dugu, baina formatua aldatu egin behar dela uste dugu. Hasierako ilusioak behera egin du eta Euskaraldiaren eragina ez da espero eta nahi duguna. Euskaraldiari eusteak kalte gehiago egin diezaioke ariketari mesede baino.
  • Euskaldunon egoeraren ispilua da Euskaraldia: kanpotik etorri eta euskara ikasten dutenak miresten eta txalotzen ditugu, baina gero ez diogu garrantzia bera ematen guk euskaraz egiteari. Beharbada arazoa ez da Euskaraldia, arazoa gu geu gara.


Izen eman dutenen balorazioa

1.178 lagun izan ginen Elgoibarren Euskaraldia ariketaren 4. edizioan izena eman genuenok. Ariketa amaitu eta egun gutxira lau galderako balorazio-inkesta jaso zuten denek. 138 lagunek bete dute galdetegia eta hona hemen galdera-erantzunak: