23.427.676,20 euroko aurrekontua proposatu du Elgoibarko Udal Gobernuak 2026rako, iazkoarekin alderatuta 1.941.192,72 euro gehiago (%9,03 handiagoa). Elgoibarko EH Bilduk aurreratu du ez duela Udal Gobernuaren proposamena babestuko, eta bere arrazoiak eman ditu. Bbi premisatan oinarritu du beraien jarrera:
1. EH bilduten ezaugarrietako bat gobernantza komunitarioa dela adierazi dute, eta eragileekin elkarlanean gobernatzearen alde daudela. Aspektu horretan egin duten balorazioa "ezin negatiboagoa" da, eta esan dute Udal Gobernuak ez duela parte-hartze bide formalik ezarri aurrekontuak egiteko orduan.
2. Aurrekontuak "kontinuistak" direla salatu dute, eta gaineratu dute, urte askoren ondoren, oraindik ez dagoela proiektu berririk udalaren gaitasuna hobetzeko beharrei erantzuteko. Era berean adierazgarria iruditu zaie pertsonen eremua gutxien hazten dena izatea, eta ez dute ondo ikusi Euskara, Kultura, Gazteria eta Berdintasunean partidak murriztea termino absolutuetan.
EH Bildutik jakinarazi dutenez aurrekontuetarako proposamen zehatza aurkeztu dute beraientzat lehentasunezkoak diren gaiak kontuan hartuta, eta udal gobernuak proposamen horri eman dion erantzuna ikusita, 2026ko udal aurrekontuak ez babestea erabaki dute.