Eztabaidarako argudio arrazoituak izate aldera, garrantzitsua da historia aintzat hartzea. Herriko bi historialarik gaiaren inguruan duten ikuspuntua jaso dugu honako bideoan. Hona Sarai Sanchez Sagasta eta Pello Arrieta Soraizen iritziak.
Era berean, Sarai Sagastak honako iritzi artikuluan ere plazaratu du, sakonago, bere iritzia:
Morkaikuko gurutzea: Elgoibartarron ikurra izan al da?
Astearte goizean izan genuen berri Morkaikuko gurutzea eraitsi zutela, eta, espero zen bezala, gure herrian eztabaida piztu da berriro. Gai horren inguruko elkarrizketa ez da inoiz eten, gure artean presente egon da azken urteetan. Alde batetik, herritar batzuen ustez Gerra Zibileko eta bertan erail zituzten gudari errepublikarren aldeko memoriaren erakusle baitzen gurutze hori. Beste batzuen ustez, ordea, nahiz eta esanahia aldatu, gurutzeak sinbologia frankistaren erakusle izaten jarraituko du beti.
Eztabaida hauek alde batera uzteko da garrantzitsua memoria historikoa. Izan ere, nire hurrengo hitzetan, begirada historiko batetik azaldu nahi dut gurutzearen esanahia.
1937. urtera arte Morkaikuko tontorra biluzik zegoen: 1936. urteko irailaren 24tik 27ra bitartean tropa frankisten eta errepublikarren arteko tiroketen lekuko izan zen Elgoibarko mendia. Francoren tropak galtzeko zorian egon arren, hilaren 26an Espainiako bandera frankista altxatu zuten mendian. Hala ere, errepublikarrak ez zuten amore eman eta hurrengo egunean Karlos printzea hil zuten, gaur egungo Juan Karlos I. errege emerituaren osaba zena.
Hurrengo urtean, printzipearen hilketaren urteurrenean, hau da, irailaren 27an, gurutze erraldoia altxatu zuten behartuta elgoibartarrek Morkaikuko mendian. Egun horretan ehundaka frankista elkartu ziren mendian euren soldadu erorien aldeko ekitaldi batean, eta Karlos printzearen oroimenezko plaka bat jarri zuten gurutzean: “Aquí murió por Dios y por la Patria el príncipe Carlos de Borbón y Orleans”.
Yebeseko kondeak hitz hauek ere eskaini zituen:
“Si alguna vez recorres la carretera de la costa de San Sebastián y hacia Bilbao, fíjate y mira enfrente a ti a lo alto al enfilar el puente de Elgoibar. Verás una inmensa cruz que se levanta sobre la cúspide de un monte aparentemente cónico. Allí murió por Dios y por España el 27 de septiembre de 1936 un oficial ejemplar de nuestro ejército. Como ya dije, se llamaba Don Carlos y Borbón de Orleans. Rézale una oración porque te aseguro que se lo merece” (Iturria: Elgoibar1936).
F. J. Jiménez de Cisnerosk (2022) azpimarratu zuen moduan, gurutzeak Falangearen propaganda egiteko modua ziren. Horrek esan nahi du frankismoan zegoen alderdi politiko bakarrak interes politikoagatik eraikitzen zituztela gurutze horiek: Franco, Falangea eta Patria goresteko.
2014. urtean Elgoibarko Udalak frankismoaren ikurrak kentzeko plana iragarri zuen; batik bat armarri frankistak kendu zituzten. Lehen aipatutako Morkaikuko gurutzean zegoen plaka kendu zuten ere, baina gurutzea, ordea, mantentzea erabaki zuten: herritarrek “beste begirada batekin ikusten” zutelako.
Elgoibarren memoria historikoaren aldeko zenbait ekitaldi, omenaldi eta aurrera pauso egin dira. Adibide gisa dugu 2022an aldatu zen Pedro Muguruza kalearen izena, orain Toletxe kalea. Herritarrak horren lekuko izan ziren: bozkaketa baten bidez 827 pertsonek parte hartu zuten kalearen izena aldatzeko. Zergatik ez zen egin horrelakorik Morkaikuko gurutzearekin?
Hortaz gain, 2023an Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legeak (9/2023) hauxe dio artikulu hauetan:
30. Artikulua:
1. Euskadiko memoria historikoaren eta biktimen duintasunaren kontrakoa da 1936ko estatu-kolpea edo diktadura frankista, horien buruzagiak edo erregimen diktatorialaren alde egin zuten erakundeak oroitu, goraipatu edo goresteko asmoz elementuak jendaurrean erakutsi edo aipamenak egitea, banaka zein kolektiboki, adibidez honako hauek erabiliz:
- b. Arkitektura- edo eskultura-izaerako eraikin oro, altxamendu militarrari, bando nazionala deitutakoaren garaipenari, diktadura frankistari, horien buruzagiei edo bultzatzaile eta gauzatzaileei ohore edo omenaldia egiteko eraikitakoa”.
31. Artikulua:
- Gogora Institutuak koordinazio-plan bat ezarriko du memoria historikoaren aurkako sinboloak ezabatzeko edo beste esanahi bat emateko, hala badagokio, eta, horretarako, Euskadiko memoria historikoaren aurkako elementuen katalogo bat egingo du. Katalogo horretan elementuaren identifikazioa eta kokapena ezarriko dira.
- 2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek, beren eskumenak erabiliz, memoria historikoaren aurkako elementuak kentzeko behar diren neurriak hartuko dituzte.
- Administrazio publikoek edo haien mendeko organismo publikoek Euskadiko memoria historikoaren kontrakoak diren elementu guztiak kenduko dituzte euren titulartasunekoak diren eraikinetatik, edo, hala badagokio, beste esanahi bat emango diete.
Bi artikulu horiek irakurrita, Morkaikuko mendi-tontorrean aplikatu beharrekoa hauxe zen: alde batetik, gurutzea kentzea (espazio publiko batean zegoelako eta frankismoko buruzagi baten omenez altxatu zutelako); edo bestetik, esanahi-berritze bat ematea.
Gure herria ikur horren esanahia aldatzeko prozesuan zegoen. Gogora institutuak (Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua), 2019ko urrian egindako txosten batean azpimarratzen du esanahi-berritze prozesu batean zegoela. Dena den, sei urte pasa dira eta atzo arte, erakundeek ez zuten ezer egin; hau da, inoiz ez dugu izan esanahi-berritze prozesuaren berri, eta gainera, ez dute armarri berririk jarri.
Euskal Herrian esanahi-berritze adibide famatu bat dugu: Saibigaineko gurutzea. Gurutze horri armarri berri bat jarri zioten euskal gudarien omenez. Hala ere, gurutze falangista batean plaka berri bat jartzeak, memoria demokratikoaren ikuspuntutik, ez du ikur horien egiazko esanahia azaltzen eta euskaldunek jazarri genuen errepresioa irudikatzen dute. Hori dela eta, gailurretan gurutze hauek eraikitzea ez zen estetikoa izan, sinbolikoa baizik, eta esanahia ordezteak memoria historikoa urratzen du.
Laburbilduz, azpimarratu behar dugu Morkaikuko gurutzearen eraisketa erakunde politikoen arduragabekeriaren isla izan eta errealitate bat azaleratu duela: euskal mendietan frankismoak ezarritako sinboloek ez dutela bertan jarraitu behar, legeek dioten bezala. Horrexegatik, Elgoibarko mendi-tontor honetan, errepublikako miliziano eta gudari guztiak omentzeko, beste era bateko ikur bat egitea izango litzateke egokiena gure memoria eta historia inoiz ez ahazteko.
Azkenik, memoria demokratikoa zein historikoa kontuan izanik, Morkaikuko gurutzea ez da elgoibartarren ikur bat izan. Elgoibarrek merezi du egia osoa jakitea, errespetuz eta zuzentasunez, batez ere, frankismoan erail zituzten Elgoibartarren omenez.
Sarai S. Sagasta
Historialaria eta Ondare Kulturalean espezializatua
Lotura duten albisteak:
- Morkaikuko gurutzea bota dute bart
- Bi auto ikertzen ari da polizia Morkaikuko gurutzea eraitsi dutenekin zerikusirik duten argitzeko
- EAJren iritziz, memoriak eta demokraziak galdu dute, Morkaikuko gurutzea eraitsita
- Morkaikuko gurutzeaz zuen iritzia negatiboa dela berretsi du EHBilduk
- Morkaikuko gurutzearen eraisteaz Maialen Gurrutxaga alkateak eginiko adierazpenak
- Morkaikuko gurutzea eraisteko lanak jasotzen dituen bideoa zabaldu dute ekintzaileek
- Elgoibar1936 taldekoen iritzia Morkaikuko gurutzeaz

