Marruskadura birakariko soldadurari buruzko jardunaldi irekiak egin dituzte Berkoan

Barren 2025eko abenduaren 10a

Berkoa enpresak, Lortek partner teknologikoarekin lankidetzan, marruskadura birakariaren soldadurari buruzko jardunaldiak egin zituen joan zen astean Elgoibarren duten lantegian. 

'BERKOA 360°: Marruskadura Birakariaren Soldadura Bizian' izenburupean jardunaldi irekiak egin zituzten abenduaren 2an Elgoibarko lantegian, eta sektoreko 40 lagun baino gehiago bildu ziren. Bertaratutakoek han bertan ezagutu ahal izan zuten marruskadura birakari soldaduraren bidezko lotura-teknologia eta haren aplikazioa sektore aeroespazialean, energetikoan, ontzigintzan, automobilgintzan eta erremintetan, besteak beste.  

Andoni Garcia-Abad Berkoako zuzendari nagusiak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearekin batera, ongi-etorria eman zien enpresei, arduradun teknikoei eta beste gainerako ordezkariei eta azaldu zien zein den egungo egoera eta zer eurreikusten duten etorkizunerako marruskadura birakariaren bidezko soldaduraren alorrean.

Garcia Abadek enpresaren bilakaera  errepasatu ondoren,  SoldAvanza makina aurkeztu zuen:  "Marruskadura birakariaren bidezko soldadura hainbat material eta sektoretara egokitu daiteke, lotura-teknologia industriara modu praktikoan hurbilduz", adierazi zuen.

Ondoren, Lortek zentro teknologikoak hartu zuen lekukoa, Antonio Monaco eta Jonatan Rodriguez ikertzaileen parte-hartzearekin. Material aurreratuen, lotura-teknologien, prozesuaren kontrolaren eta fabrikazio adimendunaren egungo egoeraren ikuspegi zehatza eman zuten. Mezu argia eman zuen: "Marruskadura birakaria jada ez da automobilgintzaren kontua bakarrik; prest dago gorago hegan egiteko eta sektore aeroespazialetan, eolikoetan edo oil & gasean murgiltzeko".

Aurkezpen teorikoaren ostean, zuzeneko hiru erakustaldi praktiko egin zituzten.  Makinaren aldakortasuna erakutsi zuten, hainbat material uztartuz: aluminioa eta kobrea aplikazio elektrikoetarako; altzairu azkarra eta F114 erremintetarako; eta konponketa aurreratuko prozesu berritzaile bat, milimetro bakoitzak dituen sektoreetarako pentsatua. 

Era berean, GKN Driveline Zumaia enpresako Tratamendu Termikoen Ingeniaritzako eta Marruskadura bidezko Soldadurako arduradun Imanol Monterok bere esperientzia partekatu zuen, enpresan dituzte Berkoako bost makinei erreferentzia eginez. Nabarmendu zuen lehen eta azken makinaren artean egon den bilakaera teknologikoa, eta BLSC 4.0 kontrolagailu erregistratua izateak prozesuaren parametroak monitorizatzeko eta trazabilitate osoa ziurtatzeko balio duela: "Oso pozik gaude Berkoaren teknologiak ematen digun kontrol eta fidagarritasunarekin", esan zuen.

Azkenik, Berkoako makina operatiboetara egin zuten bisita, hala nola, nekazaritza sektorerako TD-800 Tornu Bertikalera eta ondoren, networking gunera.  

Jardunaldiko zenbait irudi. Argazkiak: Berkoa.