Himam mendi lasterketa irabazi du Maite Maiorak, bigarren urtez jarraian

Barren 2025eko abenduaren 12a

Munduko ibilbide teknikoenetarikoa duen lasterketa da Pertsiako Golkoan dagoen Omango Sultanerrian jokatzen dutena, Himan mendi lasterketa.

Zailtasun tekniko horrek erakarrita beharbada, 68 herrialdetako 4.500 mendi lasterkarik hartu dute parte Himam Trail Run Race probak dituen bi distantzietako batean: 60 kilometrokoan edo 120 kilometrokoan. Maite Maiora luzeenean lehiatu da, 120 kilometrokoan, eta iaz gertatu zen moduan, bera izan da indartsuena eta azkarrena emakumezkoetan. Mendaroarrak hemeretzi ordu eta bi minutuan osatu du atzo jokatu zuten probako ibilbidea. Iaz lortutako emaitza errepikatzeaz gainera, lasterketaz duen iritzia berretsi du bigarren parte hartze honetan, eta betirako gogoan izango duen esperientzia dela adierazi du. Bene-benetako lasterketa dela dio, eta ibilbidea eta han topatu duen jendea ere goraipatu ditu. 

Eroriko mingarria, 60 kilometroren faltan

Lasterketako gorabeherei dagokionez, Maiorak dio sentsazio onekin hasi zuela lasterketa, baina lasterkari errusiarrek bere onena ematera behartu zutela hasieran. "Soken kontra jarri ninduten errusiarrek, eta estutu beste erremediorik ez nuen eduki, benetan zebiltzan edo ez argitzeko". Haiengandik ihes egin ahal izan zuenean, eta lasterketaz gozatzen hasita zegoenean, erorikoak izan zituen oztopo handiena. "Behin baino gehiagotan erori ostean, azkeneko erorketan min hartu nuen izter batean, eta ez zidan ondo korrika egiten uzten. Horregatik, ahal nuen moduan egin nituen azken kilometroak; oinez gehiago korrika baino. 60 kilometro falta zitzaizkidan helmugara iristeko eta erretiratzekotan ere egon nintzen. Odisea bat izan zen. Gaizki nihoan arren, atzetik zetoztenekiko aldea handitzen ari nintzela ikusi nuen, eta neu baino okerrago joango zirela pentsatu nuen; nengoen moduan egonda gerturatzeko gai ez baziren... Jarraitzeko bultzada eman zidan horrek, eta lehena ailegatu nintzen helmugara". Halere, badu arantza bat: horren polita iruditzen zaion lasterketaz gehiago gozatu ez izana erorketen erruz. Platanoen hiria moduan ezagutzen duten Birkat Al Mouz-en zuten helmuga eta ahituta, indarrez hustuta, iritsi dela aitortu du mendaroarrak han bertatik.

Probako iruduia igo ditu Maiorak sare sozialetara.