Pena ematen dit. Pena ematen dit, Elgoibarri eta Mendarori hainbeste eman dion herri ekimenak hankak altxatu eta bailarara salto egingo duelako. Gaurkoa izango da Barren-en azken zenbakia. Hemendik aurrerako ibilbidea Ermua, Soraluze eta Debako tokiko hedabideekin batera egingo du.
Pena ematen dit, asko maite eta estimatzen dudalako Barren. Bera izan zen Elgoibarko Izarraren bigarren etapako lehen proiektua, eta Barren hedabideari esker ikusi genuen zerbait garrantzitsua egiteko gai ginela. Neurri handi batean, Barren-ek eman zigun konfiantza eta indarra beste proiektu batzuk prestatu eta martxan jartzeko.
Pena ematen dit, Barren-ek asko eman dielako Elgoibarri eta Mendarori. Gure herriak herriagoak dira Barren daukagunetik. Barren-i esker herritarrok hobeto ezagutzen dugu elkar, eta hobeto ezagutzen dugu geure herria. Euskararen normalizazioaren mesedetan ikusi zuen argia Barren-ek 1992ko abenduaren 24an, baina lortu duena hizkuntzatik haratago doa. Barren ez da euskalgintza soilik, herrigintza ere bada, Elgoibargintza da, eta hori euskara hutsean ere egin daitekeela erakutsi digu Barren-ek, inor baztertu gabe, euskaraz ez dakienari ere tokia eginda. Hasieran "astakeria" zirudiena (hala esan zigun batek baino gehiagok) astekaria izatea lortu dugu 1.392 astez! Eta orainkaria ere bada 2006tik, barren.eus webguneari esker.
Pena ematen dit, datorren astetik aurrera Elgoibarren eta Mendaron ez dugulako etxeko buzoian Barren jasoko, baina astekariari agur esan aurretik, eskerrak eman nahiko nizkizueke 33 urteotan Barren-en lanean jardun duzuen guztioi, profesionaloi eta musutruk aritu zaretenoi. Handia da egin duzuena.
Barren, baina, herritarrok ekarri duzue honaino: bertako orrietan azaltzeko prestutasuna izan duzuen milaka herritarrok; Barren zuon eskuetan edo begien aurrean hartu eta bertan datorrena irakurri, ikusi edo entzun duzuenok; gutunak, txaloak, kexak edota iritzi-artikuluak idatzi dituzuenok; zerbait antolatu duzuenean horren berri emateko Barren-era deitu edo idatzi duzuen elkarteok; Udalek Barren diruz lagundu behar zuela erabaki zenuten alkate-zinegotziak; zuen negozioen publizitatea Barrenen egin duzuen merkatari, ostalari eta bestelakook; etxekoren bat edo lagunen bat hil denean Barren-era eskela jartzera etorri zaretenok, …
Pena ematen dit, bai, baina ez dut negarrik egingo. Ez dut negarrik egingo Barrena-k ez duelako gure malkorik behar. Barrena-k ilusioa behar du, poza eta lanerako gogoa, eskualdean egin eta eragiteko ikuspegia. Barrenak jendea behar du, herritik bailarara jauzi egiten lagunduko dion jendea.
Aldaketa garrantzitsu guztien aurrean izaten da halako beldur edo bertigo moduko bat, baina sinistea da beldurra gainditzeko botikarik onena. Egitera goazen horretan sinistea. Merezi duela sinistea. Barrena nahi dugula eta egiteko kapaz garela sinistea. Jendeari gustatuko zaiola sinistea.
Sinisten badugu, egingo dugu, eta ondo egingo dugu gainera.