Bi milioi euroko beka jaso du Maite Solasek alzheimerraren inguruan hasita duen ikerketa lanagatik

Barren 2025eko abenduaren 10a

Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile Maite Solasek ERC Consolidator Grant beka jaso du, garuneko metabolismoak alzheimer gaixotasunaren fase goiztiarretan duen parte hartzea aztertzeko.

Farmakologia irakaslea eta ikertzailea da Maite Solas Zubiaurre (Elgoibar, 1983) Nafarroako Unibertsitatean, eta aurrez ere jaso zuen beka bat alzheimerraren jatorria argitzeko hasita duen ikerketa lanagatik; Pasqual Maragall Fundazioaren 800.000 euroko beka eskuratu zuen urrian (ikus bekaren harira BARRENi eman zion elkarrizketa).

Orain, ikerketan sakontzen lagunduko dion beka berri bat jaso du neurozientzialari elgoibartarrak gidatzen duen lantaldeak: ERC Consolidator Grant izeneko beka. Europar Batasunak ematen dituen laguntzetan entzutetsuenetarikoa da, eta ibilbide nabarmena duten ikertzaileei eta zientzian eta gizartean funtsezko erronkei heltzen dieten proiektu berritzaileei laguntzea du xede nagusia. Edizio honetan 3.121 eskaera aurkeztu ziren beka deialdira, eta horietatik 349 proiektu aukeratu zirtuzten.
Soladsek azaldu du lehenago jaso zuten beka osatzera datorrela bigarren hau, eta "zerbait handiagoa" egiteko aukera emango diela uste du. Zehazki, Europako Ikerketa Kontseiluak ematen duen bekarekin jasoko dituzten bi milioi euroei esker, HyperAstroMet proiektua garatzeko aukera izango duela aurreratu du; alzheimerra ikertzeko proiektu berritzailea, astrozitoen metabolismoan fokua jartzeagatik. Garunaren funtzionamendurako funtsezko zelulak dira astrozitoak, eta horiek ikertzeko arrazoia da zelula horiek gaixotasunaren agerpen goiztiarrean eta garapenean duten parte hartzea aztertzea.

Solasek gogora ekarri du alzheimerra zabaltzen ari den gaitza dela munduan, eta oraingoz ez dagoela "tratamendu eraginkorrik". Beraiek garatzen ari diren azterlanaren berezitasun nagusia garunari ikuspegi berri batetik begiratzea dela adierazi du, "astrozitoek energia nola kudeatzen duten eta metabolismo aztoratu horrek memoria galtzea eta disfuntzio neuronala nola eragin dezakeen aztertuz", bere berbetan. Gaineratu duenez, "ERC bat lortzea bultzada erabakigarria da", gutxi aztertutako bide bat arakatzeko aukera emango dielako, eta uste duelako gaixotasunari buruz duten ulermena eralda lezakeela.

HyperAstroMet proiektuak honako hipotesia planteatzen du: alzheimerraren fase oso goiztiarretan, astrozitoek ezohiko birprogramazio metabolikoak jasaten dituzte; hau da, garunak energia kudeatzeko duen moduan beste era batera funtzionatzen hasten dira. Aldaera horien ondorioz, zelula horiek ohi baino glukosa gehiago kontsumi lezakete, glukogenoa — bere erreserba energetiko nagusia — okerrago biltegiratu, edo intsulina bezalako seinaleei erantzun okerra eman. Desoreka horiek, hasieran txikiak izan arren, domino-efektua eragin dezakete; alzheimerra agertzea edo aurreratzea erraztuz.

Solasek gidatzen duen ikertaldeak orain arte ikertutakoaren arabera, astrozitoen metabolismoa modulatzeak "memoria babestu eta funtzio kognitiboa hobetu lezake", estrategia terapeutiko berriei ateak irekiz. Eginkizun horretarako, puntako teknologia erabiliko dute, esaterako geneen eta metabolitoen mapaketa espaziala; edo minituriazko mikroskopioak, garunaren zuzeneko irudiak eskuratzeko.

Garunak bere energia nola kudeatzen duen ulertzea erronka zientifikoa baino gehiago ere badela azpimarratu du, hori ulertzeak gizartean ere eragin handia izan dezakeelako. Ezagutza horrek eragina izan dezake hainbat esparrutan: alzheimerraren prebentzioan, funtsezko ibilbide metabolikoetan eragiten duten farmakoen diseinuan, garuneko osasuna babesten duten nutrizio-esku-hartzeen garapenean eta detekzio goiztiarrean oinarritutako osasun publikoko estrategien sorkuntzan, besteak beste. Solasek nabarmendu duenez, alzheimerraren fase goiztiarretan esku hartzea lortuz gero, pazienteen memoria gorde eta bizi-kalitatea hobetu daiteke, eta baita familien, osasun-sistemen eta gizartearen gaineko karga arindu ere.