"Pentsatzen ari nintzen zenbat urte ote daramatzan Barren astekariak gure artean, eta ez nago oso ziur, baina badakit 30 urte badirela behintzat nire lehen taldea, Mendaron izan den lehen rock taldea, Lilimoon, Barren-en agertu zela. Oraindik ere emozioz gogoratzen dut momentu hura, hedabideren batek guri kasu egiten zigun lehen aldia zelako. Mendaroko neska-mutil batzuk ginen, musika egiteko ilusio biziz ari ginenak, eta Barren-ek lekua egin zigun bere orrietan.
Musikaren bidetik jarraitu dut gero urteetan, eta hartu ditut beste bide batzuk ere, baina Barren beti izan dut bidelagun. Arreta handiz jarraitu dut beti haren agenda, eta badira argitaratu dituzuen erreportaje eta elkarrizketa batzuk maitasun handiz gordetzen ditudanak nire memorian. Oraindik kutxetan gordeta dauzkat zenbaki asko, berriro noiz irakurriko zain. Bereziki eskertzen dut kulturari eman diozuen tratua. Zuenean irakurri ahal izan ditugun erreportaje eta elkarrizketak beti egon dira ondo egiaztatuta, ondo dokumentatuta, eta jende guztiak uler dezakeen informazio baliotsua eskaini diguzue. Eta hori egitea ez da erraza, edozein adinetako herritarrei zuzendutako asteroko argitalpen batean; meritu handia zuena! Oraintsu jakin dut Barren, ezagutu dugun Barren astekaria eta denbora guzti honetan etxean konpainia saiestezina izan duguna, amaitu dela, eta nostalgiak hartu nau. Hala ere, espero dut zuek, Barren egin duzuen profesionalen talde fantastiko horrek, ez gaituzuela alde batera lagako eta informazioa ematen jarraituko diguzuela, duzuen onena ematen gure bizitzako espazio hau betetzeko. Izan ere, zuei esker inguruan dugun jendeari buruz pixka bat gehiago dakigu orain. Zorionak, Barren, eta hurren arte!."