Agur, 'Barren'; ongi etorri, 'Barrena'

Erabiltzailearen aurpegia Asier Guisasola Iñiguez 2025eko abenduaren 5a

Hirigintza, mugikortasuna, kaleak, zuhaitzak, irisgarritasuna, ura eta bizikleta aitzaki hartuta bost urtez jardun naiz iritzia ematen orrialde honetan. Eta patuaren apetak zer diren, nire azken artikulu hau non eta Barren aldizkariko azken zenbakian argitaratzea egokitu ez zait ba?

Iritsi da ahots berriei lekua lagatzeko ordua. Eskerrak eman nahi dizkiot Barren hedabideari askatasun osoz nik nahi izan dudanaz idazteko aukera emateagatik, beste hainbeste pertsonek nire aurretik egin duten moduan.

1992ko abenduak 24an banatu nuen elgoiBARRENen 0. zenbakia Santa Ana kaleko postontzietan. Ale horretan, besteak beste, honako pertsonek eman zuten euren iritzia: Jose Ignacio Elkoro Iribe Elgoibarko orduko alkateak, euskaraz irakurtzeko grinaz; Pako Iriondo Euskal Mendizale Federazioko lehendakariak, Himalayara igotzeko arriskuez; Hasier Etxeberria idazleak, euskal idazle gazteei buruz; eta nire frontoi lagun Asier Etxanizek eta gure euskara maisu Angel Ugarteburuk, Telefono erotikoaz, Etxegina Bertso Paper lehiaketan.

Elgoibartarrok eta mendaroarrok gure herriko informazioa 33 urtean euskaraz astero jaso izana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Galdetu bestela zuen aiton-amonei diktadura garaian eskolan (eta kalean) euskaraz egiteagatik zertzuk gertatzen ziren.

Barren astekari maiteak ibilbide berria hasiko du. Bailarako Barrena komunikazio proiektu berrian Mallabia, Ermua, Soraluze, Deba, Elgoibar eta Mendaroko tokiko hedabideak batzea erabaki dute; nire ustez, egoki erabaki ere. Barrenari zorterik onena opa diot. Jakin badakit euskaldunontzat euskaraz sortutako oparia izango dela. Profesionaltasun eta mimo handiz egindako lanaren euskarazko fruitua. Elgoibarko Izarrak elgoiBARREN 0. zenbakian adierazten zuen bezala: “Euskaldunok batzen gaituena banatzen gaituena baino garrantzitsuagoa delako”. Batzen gaituen hori zaintzea dagokigu, barren!