"Eibartarra izanda, 90. hamarkadaren hasierako Eta kitto-en lehendabiziko aleen oroitzapen batzuk baditut, lauso xamarrak baina. Oker ez banabil, hamabostean behin jasotzen genuen etxean aldizkaria. Gurasoak biak baserritarrak baina euskaraz alfabetatu gabeak izanik, seme-alaboi baino ahalegin handiagoa eskatzen zien euskara batuan irakurtzeak, baina urteak pasa ahala ohitzen joan ziren eta gaitasuna handitzeak gozamena handitzea ekarri ziela iruditzen zait. Dudarik gabe albisteen
eta gaien gertutasunak egin zuen ahalduntze hori posible. Gurasoei bezala, Arrasateko, Oñatiko eta Bergarako osaba-izebei antzera gertatu zaiela esango nuke. Arrasate Pressen, Kontzejupetik-en eta Berrigararen lanari esker. Seguru dakit Barren-ek beste horrenbeste lortu duela Elgoibarren eta Mendaron. Azken urteotan batean eta bestean maiz entzuten dugun euskararen normalkuntzarako ekarpen izugarria da herri aldizkari hauek guztiek egindakoa.
Gure aita zena haren aitxitxa Ziriakorekin joaten ei zen trenez Elgoibarrera baserritarren feriara. Gaztaroan 18 urte zituela Trinidadetan zebilela ezagutu omen zuen gure ama, 16 urteko bergararra. Trikitixa ikastera joan nintzen bertara urte askoan. Gabon eskeko gure ibiliak, errege bezperetako kabalgaten osteko gure oilasko janak, San Migelak, San Bartolomeak, San Lorentzoak, Altzolako San Juanak, Pakoneko txitxarroak eta sahietsa, Muruaneko pastelak, Lopezen gozoki denda, Pitxintxunera joateko ilusioa, Garatenean amarekin erositako Levis urdinak, Gorostizaneko eskaparateko jostailuak, Azkarateko ogia… Elgoibar gertuko eta gustuko herria izan da niretzat eta noizean behin Barren aldizkariren bat esku artean erabili izan dut lagun elgoibartarren batek ekarrita edo.
25 urte direla ezagutu nuen bikotekidea. Hura Mendarokoa denez, Barren-ekiko nire harremana estutzen hasi zen poliki-poliki. Duela 12 urte Mendarora bizi izatera etorri ginenean are estuagotu zen. Postontzian jartzeko pegatiña inguratu eta ostiralero lanetik bueltan bertara urreratzen hasi nintzen “mama goxua” jasotzeko ilusioz. Batzutan ez zen oraindik bertan egoten, hortaz, tableta piztu eta ohean etzanda Barren-i lehendabiziko gainbegiratua. Seme-alaben bila eskolara joan aurretik Barren-ekin luzatu izanagatik bazkaldu gabe geratutako egunak bat edo bi baino gehiago izan dira. Zergatik? Astelehenetik igandera Barren-eko langileek egiten duten lan eskergak gure gertuko gertakarietara, kiroletara, langileengana, hezkuntza komunitateetara, baserritarrengana, dendariengana, jaietara, bitxikerietara, politikariengana, bizi filosofietara, euskarara, etorkinengana, ekologiara, historiara, tabernariengana, artistengana, agendara eta beste mila gauzatara gerturatu gaituelako, mendaroarron eta elgoibartarron komunitate izaera sendotuz.
Eskerrik asko eta betira arte, Barren!