Garaikur bakarra, bi txapeldunentzat

Barren 2025eko abenduaren 12a

Garaile bat beharrean bi eduki ditu Mintxeta Udazken Xake Txapelketak.

Hamasei xakelari aritu dira lehian azken asteetan Mintxeta tabernan jokatu duten txapelketan, eta domekan jokatu zuten azken jardunaldia, zazpigarrena. Markel Kerexeta elgoibartarra eta Andres Perez azpeitiarra ailegatu ziren azken jardunaldira txapelketa irabazteko aukerekin. Kerexetak Eneko Alberdi izan zuen aurkari azken partidan. Perezek aste barruan jokatu zuen bere azken partida zena, eta, -irabazi egin zuenez-, Kerexetari garaipenak bakarrik balio zion Perezekin lehen postuan berdinduta geratzeko. Partida parekatua jokatu zuten Kerexetak eta Alberdik, eta Kerexetak irabazi zuen, azkenengo momentuan aurrea hartuta. 

Honenbestez, azken sailkapenean puntu kopuru bera batu dute Perezek eta Kerexetak, jokoan zeuden 7 puntuetatik 6,5 erdietsita. Berdindu egin zuten elkarren aurka jokatutako partida. Antolatzaileek berdinketa hausteko partidarik jokatzea nahi zuten galdetu zieten, baina ezetz erabaki zuten eta Gure Bidekoek erabaki zuten lehen saria ez aequo ematea, biak irabazle izendatuta. Iaz ere bi xakelariok izan ziren onenak. Iker Ruiz soraluzearra sailkatu da bigarren postuan eta Lander Agirregomezkorta Arriaga elgoibartarrarentzat izan da hirugarren postua. Azken honek lortu zuen federatu gabekoen artean sailkapenik onena, eta horri dagokion saria. 

Antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Julen Agirreri, Mintxeta tabernako arduradunari, xakea sustatzeko egiten duen lanagatik.