Sigmako Josteko Makinaren irudia zaharberritzeko lanak hasi dituzte

Barren 2025eko abenduaren 11

Elgoibarko ikurretako bat da Sigmako josteko makina erraldoiaren irudia, Estarta y Ecenarro enpresa egon zen eraikinaren aurrean dagoena, lantegirako harrera-etxola izan zenaren gainean.

Elgoibarko Udalak egitura ikoniko hori zaharberritzeko lanak hasi ditu gaur, eta jakinarazi dutenez, lanek 9.700 euroko kostua izango dute (BEZ barne). Egitura osoan egingo dituzte zaharberritze lanak, hala pieza osagarrietan, nola osagai estetikoagoetan. Lanen iraupena eguraldiak baldintzatuko duela ohartarazi dute, erabiliko dituzten materialekin ezin dutelako lanik egin egun oso euritsuetan, eta ezta oso egun hotzetan ere. 2016an berritu eta margotu zuten azkenengoz irudia. Honakoak dira zaharberritzean egingo dituzten lanak, zehatz-mehatz:

  • Altxatuak kentzea
  • Oxidoak kentzea
  • Poliester erretxinarekin eta beira-zuntzarekin kaltetutako elementuak inprimatzea eta berreraikitzea
  • Banda butilikoz zigilatzea
  • Egituraren elementu guztiak pintatzea
  • Estalkia, bankada eta zoladura pintatzea
Ondarea 

Herriaren iraganaren lekukoa den ondarea dela nabarmendu dute Udaletik. "Garai batean, herriak industriaren inguruan egituratu zuen bere jarduera ekonomikoa, eta horrek bultzada handia eman zion garapen sozial eta ekonomikoari. Josteko makina bezalako elementuek garai hartako lan-dinamika, berrikuntzarako ahalmena eta tokiko ekonomiaren bilakaera irudikatzen dituzte. Horregatik, Udalaren ustetan, honelako piezak zaindu eta eguneratzea ezinbestekoa da ondarea bizirik mantentzeko eta belaunaldien arteko lotura sendotzeko", adierazi dute.
Estarta y Ecenarro enpresa josteko makinak, daratuluak, fresatzaileak eta prentsak fabrikatzeko sortu zuten, eta garairik oparoenetan 600 behargin izatera iritsi zen. Carmelo Urdangarinek Estarta y Ecenarro “Sigma” liburuan jaso zuen herriko fabrika ezagunetarikoaren 80 urteko (1914-1995) historia. 
Orain berritzen ari diren josteko makinaren irudi hori Sigma 2000 serieko modelo baten tamaina erraldoiko erreplika bat da, 80ko hamarkadan markaren erreferentzia izan zena. Makina horiek izan ziren josteko lana errazteko beren argiarekin iritsi ziren lehenak. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, berriz, Sigma H modeloaren erreplika egon zen etxola gainean. Bitxikeraia gisa, bere lekutik atera eta batera eta bestera ibili zuten makina hura, kamioi baten gainean txirrindularien karabana publizitarioan, Sigmak txirrindulari talde bat ere izan baitzuen. Sigmari buruzko Informazio osoagoa museoa.eus webgunean.

Sigma josteko eta bordatzeko makinak eta Estarta y Ecenarro S.A. sarrera nagusia. (museoa.eus)