Viento Sur gastroteka Eguzkilore batekin saritu du Best Pintxos gidak

Barren 2025eko abenduaren 4a

2019an sortu zuten Best Pintxos & Gastro gida, pintxoen "Michelin" gida izateko bokazioarekin.

Miniature Pintxos Congress ekimenaren antolatzaileak izan ziren gida honen sustatzaileak, eta aurten Euskal Herriko ehun establezimendu gastronomiko gaineratu dituzte gidara. Joan den astean Gasteizko Europa biltzar-jauregian egin zuten pintxo tabernak saritzeko 2025eko ekitaldia, eta Elgoibarko Viento Sur Gastroteka izan zen sarituetako bat. 

Kazetariz eta kritiko gastronomikoz osatutako aditu talde batek anonimoki bisitatzen ditu pintxoak saltzen dituzten tabernak, eta hainbat ezaugarri hartzen dituzte kontuan, besteak beste, pintxoen kalitatea, erabilitako produktua, barraren itxura, bezeroari ematen dioten arreta edo berrikuntza. Lortutako puntuazioaren arabera, Eguzkilore bat, bi edo hiru ematen dizkiete euren gidan sartzea merezi dutela uste duten establezimenduei. 

Eguzkiloreak, pintxoen kalitatea saritzeko

Gipuzkoan hamar tabernak jaso dituzte hiru Eguzkilore, sari gorena; eta Hondarribiako Gran Sol kenduta, gainerako denak Donostiako tabernak dira. Bederatzi establezimenduk jaso dituzte bi Eguzkilore, eta Donostian daude zerrenda horretako guztiak; Iruneko bat izan ezik. Azkenik, hamalau taberna ageri dira Eguzkilore bat dutenen zerrendan, tartean Viento Sur. Best Pintxos & Gastro gidan honako hau diote Dore Castillo Estrella (Eibar, 1989) sukaldariak kudeatzen duen gastrotekaz: "Elgoibarren pintxoak jan nahi badituzu, hauxe da lekua. Gertuko tratu atsegina, pintxo aberatsak eta ongi aurkeztuak lokal atsegin batean. Ezin hobea errazioak partekatzeko, ardoen aukeraketa probatzeko edo zentroan giro informal eta familiarraz gozatzeko".

Gasteizko Europa biltzar-jauregian egin zuten pintxo tabernak saritzeko ekitaldia.

Sari eta aitortza ugari

Dore Castillok Aiala sukaldaritza eskolan egin zituen sukaldaritza ikasketak eta sommelierra ere bada. Pintxo lehiaketa bat baino gehiago irabazi ditu Viento Surrek. Elgoibarkoa, esaterako, bi aldiz irabazi zuen. Repsol Gidak establezimenduen kalitate maila zehazteko banatzen dituen eguzkietako bat (Soletes errekonozimendua) ere jaso zuen 2021ean. Izendapen hori berritzeaz gainera, duela gutxi Solete de Carretera aitortza ere egin diote. 

Gasteizen jaso duen azken aitortza hau berezia izan dela dio Dore Castillok, eta babesa ematen dioten guztiak izan ditu gogoan. "Mila esker egunero bisita egiten diguzuen bezero guztioi eta mila esker saria eman digutenei ere Eguzkilorea emateagatik. Eguneroko ahaleginak saria duela sentiarazten digu". Saria beraiek jaso duten arren, herriarentzako errekonozimendu bat dela ere nabarmendu du.