Dultzaineroek hasi dute gaurko ospakizuna, eta 10:00etan zabaldu dute azoka, frontoian. Hantxe egokitu dituzte baserritarrak eta artisauak, eta haien artean Lizagasarrekoak ere izan dira sagarrarekin egin daitezkeen produktuak erakutsi eta haiekin kozinatzen erakusten. Ordurako, Irurtzundik etorritako Mieltxo Saralegiren taldeko talogileak ere hasita zeuden arto-irinarekin lanean. Sei laguneko taldea gelditu gabe aritu da lanean, estimazio handia izan baitute gaur taloek.
Tarte horretan puzgarriak ere izan dituzte umeek, ikastolako jolastokian, eta plazan, karpapean, sagardoa dastatzeko aukera ere izan dute adinez nagusiek. Sagardo lehiaketa antolatu du Mendaroko Udalak, eta sagardogileez gain, Arno guraso elkartekoak ere aritu dira sagardoa zerbitzatzen, bai eta txorizo pintxoak saltzen ere. Eguerdian, eta ohi legez, Mendaroko Gazteak dantza taldekoak batu dira karpapera dantzara. Azpilgoetan hasi dute kalejira, eta Ameikutz musika eskolako trikitilariek lagunduta egin dute plazara arteko bidea. Han, hamar bat dantza dantzatu dituzte, Elgoibarko dultzaineroak eta herriko txistulari eta trikitilariak lagun zituztela. Karpa bete lagunen artean lekua egin dute dantzariek, eta txaloka hartu dituzte ikusleek.
Dantza emanaldiaren ondoren, sariak banatzeko tartea hartu du Udalak. Azokan erosketak egin dituzten bezeroen artean, produktuz osatutako bi saski zozkatu dituzte eta Amaia Beloki eta Manex Belaustegi izan dira irabazleak. Gaztaren pisua asmatzeko lehiaketan, berriz, bi mendaroar saritu dituzte, pisura gehien gerturatu diren biak: Ibon Mazariegos eta Alex Segade. Sagardo lehiaketa, berriz, Izeta sagardogilearentzat izan da.
Ordu honetan, berriz, 18:00etan, erromeria da hastekoa da plazan, Joselu Anaiak taldearekin.