Handik urtebetera izan zen ariketaren lehen edizioa. 1.800 lagunek eman genuen izena Elgoibarren. 11 egunetan euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea zen izena eman genuenon egitekoa. Gure hizkuntza-praktiken gaineko gogoeta egitea ere eskatzen zitzaigun, eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahalegina egitea. Ekimen berria zen, berritzailea, eta horrek Elgoibarko eta Euskal Herriko euskara-jendea mugiarazi zuen. Lurrikara txiki baten modukoa izan zen.
Zortzi urte pasa dira ordutik, zortzi urte eta lau edizio. Jendearen ilusioak behera egin du, ariketa egiteko gogoa gutxitu egin da, izen-ematea asko jaitsi da, ahobizi eta belarriprest txapak gero eta gutxiago ikusten dira. Lurrikarak ez dauka hasierako indarrik. Balorazio sakonak eta zintzoak egiteko ordua dela uste dut.
Nik neurea egingo dut. Jende askok egiten du euskara gehiago Euskaraldiari esker, eta jende gehiagori egiten zaio euskaraz. Badakit norberaren hizkuntza-portaeren gaineko gogoeta egin duen jendea dagoela, eta badakit euskaldunon hizkuntza-kontzientzietan eragin duela Euskaraldiak. Badakit hizkuntza-ohitura batzuk aldatu direla, eta badakit jendearen euskaldun- sentimenduetan eta konfiantzan eragin duela Euskaraldiak. Badakit euskaldunon komunitate-izaera indartu duela Euskaraldiak. Badakit jende asko emozionatu dela kalean, lanean edota tabernan txapa bat ikusi duenean. Badakit hori dena eman digula Euskaraldiak. Badakit.
Baina, hori dena badakidan arren, Euskaraldiak berea eman duela uste dut. Atera beharrekoa atera diogula. Pelikularik edo libururik onenak ere hasi eta amaitu egiten dira, eta, nire ustez, ez digu pena eman behar Euskaraldia amaitzen bada. Edo bai. Hala ere, eta Euskaraldia berriz antolatzen ez bada ere, ahobizi edota belarriprest rolak euskaldunon iruditerian geratuko dira, eta egunen batean Euskal Herriaren euskalduntze prozesuaren historia idazten bada, Euskaraldiak bere orritxoa izango du, zalantzarik gabe.