1992ko abenduaren 24an argitaratu genuen Barren astekariaren lehen zenbakia. Olentzerok Elgoibarri eginiko oparia izan zen, eta zer nolako oparia, gainera: Elgoibarko berri emateko jaio zen, elgoibartarrak izango ziren hari esker protagonistak; herritarrak, lagunak, bizilagunak, senideak... denek izango zuten lekua aldizkarian. Eta, gainera, euskaraz!. Urtebete egin aurretik zabaldu zion atea Barren-ek Mendarori, eta ordutik, Elgoibarko eta Mendaroko astekaria izan da. Hasieran astakeria zirudien opariak 33 urte iraun ditu gure artean, baina iritsi zaigu agur esateko ordua. Herritik bailararako jauzia egingo dugu, eta abenduaren 19an Barrena komunikazio proiektuari egingo diogu ongietorria.
Garaiak aldatu egiten dira, eta aurrera egiteko aldaketa horietara moldatzen jakin behar da. Hala egin du gizakiak aurrera historian: eboluzioa esaten zaio. Komunikazioaren sektorean ere ez dago garatzea beste aukerarik. Erakunde publikoek Eskualdeko Hedabide Multimedia estrategia landu dute, eta emaitzek erakutsi dute eskualdeko proiektuak sendoagoak direla. Gure aurretik egin zuten jauzia beste bailara batzuetan: Goiena izan zen lehenengoa Debagoienean orain dela 25 urte, eta haren atzetik etorri ziren Anboto, Durangaldean edota Guka, Urolan. Haien bidetik jaioko da Barrena Debabarrenean. Eskualdeko euskara elkarteen proiektua izango da. Debako Zuhatza, Ermuko Euskal Birusa, Soraluzeko Pil-pilean eta Elgoibarko Izarra batu dira, eta sei urteko lankidetza prozesu baten ostean ondu dute Barrena komunikazio proiektua. Hanka biko proiektua izango da: paperekoa eta digitala. Barikuetan jasoko duzue aldizkaria, eta egunero egongo gara Interneten. Komunikazio sektorean euskaraz liderrak izateko bokazioarekin dator Barrena.
