Agur BARREN

'Geu izaten jarraitzeko'

Barren 2025eko abenduaren 5a

Abenduaren 19an 'Barrena' astekaria eta 'Barrena.eus' webgunea argitaratuko ditugu, Elgoibarko, Mendaroko eta Debabarreneko gainerako herrietako berriekin. Egun horretatik aurrera, beraz, 'Barrena'-k emango dio jarraipena 'Barren' astekarian eta 'barren.eus' webgunean 33 urtean tokiko aktualitatea lantzen egindako lanari. 

'Barrena' komunikazio proiektua bultzatu duten lau euskara elkarteek mezu bateratu bat kaleratu dute debabarrendarrei zuzenduta, 'Geu izaten jarraitzeko' izenburupean.  Hona:

"Euskara eta euskal kultura biziberritzea da euskara elkarteon egitekoa, horretarako jaio ginen eta ahalegin horretan dihardugu. Ahalegin horrek emaitza onak ekarriko baditu, ezinbestekoa da adi egotea gizartearen aldaketei eta haren arabera egokitzea eta berritzea elkarteon jarduna eta proiektuak, kasu honetan, hedabideak. 

Gaur egun hedabideek berebiziko garrantzia dute komunitategintzan, eta hedabideen mundua oso azkar ari da aldatzen. Adituek iragartzen dutenez, datozen urteetan are azkarrago aldatuko da. Ondorioz, euskarazko tokiko hedabideek berritu beharra daukate gure komunitatearen oinarri izaten jarraitzeko eta, hain zuzen, horixe da Barrena, elkarrekin euskarazko hedabideak berritzeko abiatu dugun proiektua.  

Marraztu dugun komunikazio proiektuak egitura indartsuagoa eta profesionalagoa izango du, eduki multimedia gehiago eskaini ahalko ditu, eskaintzak urrunago hedatzeko aukera emango die komertzioei eta, orohar, difusio eta inpaktu handiagoa izango du debabarrendarron artean. Duen dimentsiogatik, Barrena izan daiteke azken urteotan Debabarrenean euskara biziberritzeko abiatu den ekimenik garrantzitsuenetakoa, ezpada garrantzitsuena. 

Beraz, aurrera begiratu eta elkarrekin ekingo diogu bideari. Elkarrekin euskara elkarteak, euskaltzaleak, herrietako eragile sozial eta komertzialak, erakunde publikoak, errealitate bihurtzeko debabarrendarrok behar dugun hedabidea, berritzailea eta euskalduna.    
Horregatik, dei egiten dizuegu orain arte herrietako hedabideen irakurle, kolaboratzaile, laguntzaile eta komunitateko kide izan zareten herritar eta eragile guztioi, babestu eta balia dezazuen Barrena, mundu zoro honetan geu izaten jarraitzeko".