Sanbartolomeak

Hirugarren urtez jarraian, Urrak jantzi du txapela Mintxeta Memorialean

Barren 2025ko abu. 31a, 09:18

Mintxeta Memoriala harrijasotze txapelketaren 25. edizioa jokatu dute aurten, eta azken bi urteetako irabazlearen burura joan da txapela, Mikel Lopetegi “Urra” zarauztarrarenera. 

Ohi moduan, Mintxeta (124,8 kilo) eta Belaustegi (145,8 kilo) harri irregularrak altxa behar zituzten harrijasotzaileek, zazpi minutuko tanda banatan. Bi altxaldi eman behar zizkioten pisutxuenari, Belaustegi harriari, eta orduan has zitezkeen lanean Mintxeta harriarekin.

Sei harrikasotzaile lehiatu dira auretengoan, iaz baino bat gutxiago, eta estreinakoz aritu dira bi: Iker Sojo eta Oskar Aguas. Azken honek debut gazia eduki du. 30 urteko berrioztarra gizon handia eta indartsua izateaz gainera, sasoi betean dago, besteak beste, Nafarroako Harri Jasotze Txapelketa eta Gurdi Altxatze Txapelketa irabazi baitzituen uztailean. Harri irregularrekin, baina, inoiz ezin da jakin, harrijasotzaileek plazan bakarrik proba ditzaketelako harriok, jendaurrean. Aguasek ahaleginak eta bi egin arren, ez du lortu Belaustegi harria altxatzerik. Ez zuen asmatzen lurretik nola jaso, arratsaldeko animo sorta ozenena jasoagatik ere. Ez du etsi ordea, eta entrenatzaileen eta gainerako harrijasotzaileen prestatzaileen gomendioei jaramon egin ostean lortu du harria ulertzea eta bizkarreraino ere altxa du ahaleginetako batean, baina oinak mugitu ditu eta epaileek baliogabetu egin dute altxaldia. Bigarren debutariak, Iker Sojok, 11 altxaldi gauzatu ditu, eta azkenaurreko postuan sailkatu da.
Txapela lortzeko lehian, berriz, Mikel Lopetegi Urra eta Paulo Azpiazu aritu dira. Urrari tokatu zaio lehenago plazara irtetea eta 26 altxaldi lortu ditu zarauztarrak, marka bikaina. Azpiazu izan da plazara irteten azkena, eta hortaz bazekien Urraren lana gainditu behar zuela txapela lortzeko, baina 23 altxalditan geratu da. 

Urrak hirugarrengoz irabazi du txapelketa, ekaitzak baldintzatu zuen iazko txapelketa eta aurreko urtekoa, 2023ko txapelketa ere irabazi baitzituen.

Lehiaketaren aurretik eta ostean emakumeen harri-jasotze erakustaldia egin dute Udane Ostolazak eta Goizeder Abendibarrek.