Santa Ana Jaiak

Santanek goia jo dute zaindariaren omenezko egunean

Barren 2025ko uzt. 27a, 01:07

Aurreikusi zitekeen, urtero izan ohi delako berezia Santa Ana Eguna mendaroarrentzat, baina aurtengoak marka guztiak hautsi ditu. Aspaldiko partez Santa Ana ermitan hasi zuten atzo jaia Mendaron, eta jendetza handia batu zen goian.

Euririk ezean, Santa Ana eguneko ospakizuna, aurten, Santa Ana ermitan hastekoa zela esana genuen, baina zalantza izan zen atzo goizera arte, eguraldi iragarpenak ez zuelako ziurtasunik ematen. Aldatza da ermitara arteko bidea, labainkorra oso bustiarekin, eta Udalak bideko trabesak konponduak zituela zabaldu arren, zalantzati ziren bezperan mendaroarrak. Goizean goiz egin zuten bilera Udaleko ordezkariek, elizakoek eta Bustin Alde elkartekoek erabakia hartzeko eta 09:20ak aldera zabaldu zen albistea herrian, whatsapp taldeen bidez: "Hasieran zalantza bazegoen ere, gaur goizean (uztailak 26) dauden eguraldi aurreikuspenen arabera euria egiteko arrisku txikia dagoela ikusita, Santa Anako hitzordua baselizan bertan mantentzea erabaki da". Eta jantzi ziren zuriz mendaroarrak eguna hasteko.

10:30ean hasi zuten prozesioa Azpilgoetako elizan eta eraman zuten zaindaria Santa Anaraino (Arg: Aitor Zabala). Mikel Aranguren Elizbarrutiko bikario nagusiak eman zuen meza han Txomin Zabaleta herriko abadeak lagunduta, eta Unai Andonegi eta Imanol Goikoetxea trikitilariek eta Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek girotu zuten mezaostekoa. Bertso saioaren ostean, tabernaz tabernako kalejira hasi zuten. Santa Anatik Azpilgoeta auzora, buelta atzera Garagartzara, eta Herriko Enparantzatik Mendarozabalera, bidean geldialdiak eginez. Mendarozabalera iritsitakoan, eta herriko gazte jendearen ekimenez, Txirristaka tabernako jabe Juan Jose Loiola omendu zuten mendaroarrek. Hunkituta jaso zuen Loiolak herritarren esker ona, tabernako barra atzean azkeneko santanak dituen honetan. Parranda giroak goia jo zuen Mendarozabalen, baina bien bitartean, frontoia bete egin zuten herri-kirol zaleek. Udane Ostolaza eta Patricia Martin harri-jasotzaileek erakustaldia eman zuten harri ezberdinekin, eta aizkoran hiru bikote lehiatu ziren: Joxean Etxeberria eta Julen Gabirondo, Andoni Izeta VI eta Eneko Saralegi, eta Oier Kañamares eta Hodei Ezpeleta mendaroarra. Ezpeletak eta Kañamaresek jantzi zuten txapela.

Gauean, berriz, Muxutruk taldeak dantzan jarri zuen plaza bete lagun. Eta atzokoaren ondotik, Umeen Eguna ospatuko dute gaur, jaietako azkena. Agendan duzue egitarau osoa.

Dronarekin egindako argazkia: Ion Urbieta