Santa Ana Jaiak

Katasorginari agur esanda amaitu dituzte Mendaron santanak

Barren 2025ko uzt. 27a, 23:30

Katasorginari agur esanda bukatu dituzte santanak Mendaron. Zazpi egun izan dira, zazpi egun bete-beteak. Umeen Eguna izan dute gaurkoa, jaietako azkena, eta gozatu dute herriko gaztetxoek, eurentzat antolatutako ekintzetan.

Goizean puzgarriak izan dituzte ikastolako jolastokian, eta ondoren, herri bazkaria, frontoian. Etxetik eramandakoa jan dute, eta edaria eta azkenburukoa Udalak jarri ditu. Bazkalostean apar festa izan dute, udaletxeko arkupeetan, eta arratsaldean, danborrada, ikastolan hasita. Danborrada amaitu eta gutxira atera dituzte kalera buruhandi eta erraldoiak konpartsakoek, eta nahi baino motzagoa izan da haien eta Elgoibarko Mauxitxa taldeko dultzaineroen kalejira, bete-betean euria ere hasi duelako. Baina egin dute Azpilgoetara osteratxoa eta bukatu dute dantzan plazan. 21:30ean, berriz, Katasorginari agur esateko batu dira plazan mendaroarrak. Plaza ertzetan pilatu da jendea Katasorgina agurtzeko eta txapligo eta guzti joan da jaietako erregina plazatik udaletxera. Ondoren, Debako Debrass taldearen kontzertua izan dute. Eta horrekin, akabo. Akabo santanak, datorren urtera arte.