Rock Gaua eskaintzeko indarrak batu dituzte Elgoibarko Udal Musika Bandak eta herriko musikari talde batek. Kontzertu “berezia” izango dela aurreratu dute eta rock talde ezagunenetarikoen kantuak joko dituzte: Metallica, AC/DC, Scorpions, Deep Purple, Ken Zazpi eta Gatibu, besteak beste. Zapatu honetan, hilaren 18an, izango da.
Elgoibarko Udala emakume eta gizonen berdintasun plana diseinatzen ari da partaidetza prozesu baten bidez. Prozesu horren baitan, bihar, eguaztena, herritarren ekarpenak jasoko dituzte world kafe formatuan egindako bileratxoen bidez.
Debabarreneko BTT zentroa ixtea erabaki dute, denboraldi baterako, berrazterketa bati ekin eta produktuari bultzada berria emateko asmoz. Irekiera data oraindik zehazteke dago.
Etorkizuneko Kultur Etxearen proiektua Jovino Martinez Sierra arkitektuak egingo du. Erredakzioak urte amaierarako amaituta egon beharko du, datorren urtean obrei ekiteko. Proiektuaren erredakzioa hastearekin batera, partaidetza prozesu bat iragarri du Udalak Aita Agirre eraikinaren etorkizuna definitzeko.
Junior mailako Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatuko da uztailaren 2tik 15era Moskun (Errusia). Espainiako selekzioak Polonian lortu zuen Mundiala jokatzeko sailkatzea, eta Nora Kortaberria elgoibartarrak Sagrario Santana hautatzailearen deia jaso du. Ekainaren 19an hasiko dira txapelketa prestatzen, Guadalajaran.
Elgoibarren amaitu zen aurreko domekan, ekainaren 5ean, Donostia 2016 baitako 2016 Bidea egitasmoko 11. etapa. Datorren domekan egingo dute 12. etapa eta Elgoibartik Azpeitiara joango dira oinez parte hartzaileak. Fedeaz eta frontoiez izena izango du etapa honek.
Hemendik aurrera BARRENeko banatzaileek karrotxo berdeak erabiliko dituzte barixakuetan astekaria irakurleen buzoietara eramaterakoan. BARRENen banaketa sistema hobetzeko neurrietako bat da.
Biraka Dantza Taldeak Biraka power! Gure indarra! dantza ikuskizuna eskainiko du jendaurrean. Gaur, ekainak 10, Mendaron izango da saioa, 22:00etan, Goñati pilotalekuan, doan. Elgoibarren, berriz, hiru jardunaldi egingo dituzte ekainaren 15, 16 eta 17an, 20:00etan Herriko Antzokian.
Barixaku honetako Oin Alai egitasmoan beste edozein egunetan baino jende gehiagok parte hartu du. Izan ere, Oin Alai festa berezia izan da goiz honetan Elgoibarko kaleetan. Herri Eskolako eta Ikastolako neska-mutilak animatzaile paregabez lagunduta joan dira ikastetxeetara: buruhandien eta Atxutxiamaikako monitoreen ondoan.
Gasteizko Legebiltzarrean izan zen Mari Carmen Seijas mendaroarra astelehenean, Aspanogi elkartearen izenean. Donostiako Unibertsitate Ospitalean, onkologia pediatrikoko arloan dauka umea leuzemiaz gaixorik. Profesionalen tratua bikaina dela nabarmendu zuen, baina ospitalean leku falta dagoela kexatu zen.
Donostia 2016ren baita irakurketa sustatzeko eta literaturaren inguruko eragileak elkartzeko hainbat egitasmo egin dituzte, horietako bat da (E)zinezko elkarrizketak. Pitxintxun herriko lau idazlerekin egin zuten elkarretaratze berezia: Uxue Alberdi, Danele Sarriugarte eta Jasone Osoro, Unai Villenaren galderei erantzunez. Antolatzaileek bideoan jaso zuten osorik mahai ingurua. (bideoa dauka)
Elgoibarko Udalak Morga SL enpresari esleitu dio Sigmako josteko makinaren ondoan egingo den pasabide berria, oinezkoak errepide gainetik pasatzeko. Dagoeneko hasi dituzte pasabide zaharra bota eta berria jartzeko lanak. Datorren astetik aurrera lekuz aldatuko dute pasabide azoian dagoen autobus geltokia.
Ordaindutako herriko estreinako aparkaleku publikoa izan zen Guass dantzalekua egon zen orubean egin zutena, Deba kalean. 50 bat ibilgailuentzako lekua du eta horietatik 27 plaza enkantera atera ditu, beste behin ere, Elgoibarko Udalak.
Alebin mailako Gipuzkoako Judo Txapelketa jokatu zen Elgoibarren. Egokran taldeko hiru judokek hartu zuten parte txapelketan eta hiru domina skuratu zituzten, urrezko bat eta brontzzo bi.
Guztira, 220 umek eta gaztek eman dute izena udaldi honetako Kirol Campusean parte hartzeko. Ekainaren 27tik aurrera, lau astez, kirola eginez pasatuko dituzte goizak.
Urteroko moduan, Oin Alai egitasmoaren jaia antolatu du Udalak Herri Eskolarekin eta Elgoibar Ikastolarekin batera. Aurten ere ospakizun berezia izango dela aurreratu dute.
Ekainaren 11n, zapatua, irekiko dituzte Mintxetako igerilekuak. Patronatuko bazkideek ez dute ordaindu behar izango baina udako denboraldi guztirako bonoak ere eskaintzen dituzte.
Pako Aristik bere saiakera liburua, Euskararen Isobarak, aurkeztu eta gaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du eguazten honetan, hilak 8, Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi gelan. Euskararen inguruko diskurtsoa kutsatzen duten gezurrak detektatzen saiatu da Pako Aristi liburu honetan: euskara politizatua dagoela, ez dela modernoa, subentzionatua dagoela, erakargarritasuna falta zaiola, besteak beste.
Metal estiloko banden zuzeneko argazkiak bildu ditu Unai Endemaño argazkilariak Disparando a 33 rpm izeneko erakusketan. Barixakura arte egongo dira ikusgai Kultur Etxeko sotoan.
Elgoibarko zortzigarren pintxo lehiaketa aurkeztu dute gaur, udaletxean egin duten agerraldian. Elgoibarko 25 tabernek pintxo bereziak prestatuko dituzte hilaren 15etik 18ra egingo duten pintxo lehiaketarako. Aurtengo berrikuntzen artean, pintxoen prezioa igo dutela (1,30 euro pintxo bakoitzak) eta barixakuan beharrean zapatuan amaituko dela.
1936eko Gerran Kalamua aldean izandako borrokaldien eta erasoaldien berri emateko asmoz, ibilbide gidatua antolatu du Ahaztuen Oroimena Elkarteak domeka honetarako.
Makinas Bizkaia motozaleen elkarteak irteerak antolatzen ditu domekero, eta atzokoan Elgoibarreraino ailegatu ziren, moto ikusgarriz beteta ageri den Kalebarren plazako goiko argazkian ikus daitekeen moduan.
0-18 urte bitarteko ume eta gazte asko arropak eta oinarrizko hainbat material gabe bizi dira Elgoibarren. Caritasek arropa eta oinarrizko zenbait material emateko deia zabaldu du herritarren artean, premia horri lehenbailehen aurre egiteko. Kasu honetan, arropa eta beste materialak zuzenean Caritasera bertara eramateko eskatu dute.
Athleticek emakumezkoen Liga txapelketa irabazi du bosgarrenez, azkenekoa lortu eta bederatzi urtera. Bost txapelketa horietan izan da Eli Ibarra jokalari elgoibartarra.
Gipuzkoako Kopa irabazi du Lauko Elgoibarrek, Sanloko senior emakumezkoen taldeak. Laukok 29-21 irabazi zion finalean Errenteriako Ereintza Barymont taldeari.
2016ko JUUL kanpainako sariak banatu zituzten eguaztenean Lodosan, eta Jasone Osoro idazle elgoibartarraren Ezekiel liburuak lehen saria jaso zuen Batxilergoko ikasleen artean.
Harrerako haurren elkarteak, Beroak, Mendaron egingo du aurtengo Elkarbizitza Jardunaldia. Domeka honetan Gipuzkoako harrera familiak bertaratuko dira, haien bizipenak partekatzera eta eguneroko bizitzan sortzen zaizkien kezkak argitzen saiatzera.
Tawasol, Elgoibarko komunitate musulmanak ate irekien jardunaldia antolatu du meskita berrian. Pedro Muguruza etorbideko 85. zenbakian, zortzigarren pabiloian egin dute meskita.