Asier Urbieta zuzendariak azaldu duenez, egunkaria irakurtzen ari zela sortu zitzaion filma sortzeko ideia edo beharra. "Egun batean, egunkariari begiratu bat ematen irakurri nuen igande batean txirrindulari batzuek, Bidasoaren ibaiertzetik zihoazela, bi pertsonaren oihuak entzun zituztela laguntza eske, igerian muga zeharkatzen saiatzen ari zirenean, baina korrontea kontra zutela. Haien lekuan jarri nintzen eta galdera hau sortu zitzaidan: Zer egingo nuke nik? Gustura erantzungo nuke uretara salto egingo nuela, baina ez dut hain argi ikusten. Halako benetako gertaeretatik abiatuta garatu nuen filmaren istorioa".
Euskara, frantsesa eta gaztelania izango dira entzungai lanean, eta hain zuzen ere, filmari izenburua ematen dion uhartean agertuko den hilotz batekin abiatzen da istorioa. Bidasoa ibaiaren erdian dagoen Faisaien Irla munduko kondominio txikiena da, eta burujabetza partekatua du. Urte erdia Estatu espainolari dagokio, eta beste erdia frantziarrari. Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bi pertsona ikusiko dituzte irla paretik paseatzen doazela, ibaia igerian zeharkatu ezinik. Egun batzuk geroago, hilotz bat agertuko da irlan, estatu batek besteari burujabetza ematen dion ekitaldian. Ze estatu arduratuko da hilotzarekin?
Donostian, Irunen eta Hendaian grabatu zuten filma eta Jone Laspiur Goya sariduna eta antzerkiko aktore saritua, Sambou Diaby, ditu protagonista. Itziar Ituño, Josean Bengoetxea eta Jon Olivares aktoreek ere parte hartzen dute. Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldia inauguratu zuen lan honek.
Faisaien Irla Elgoibarko Herriko Antzokian:
- 9 OSTIRALA, 19:00
- 10 LARUNBATA, 19:00 // 22:15
- 11 IGANDEA, 19:00
- 12 ASTELEHENA, 21:00
* Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, azpitituluak gaztelaniaz.
Filmaren aurrerapen-bideoa: