Gipuzkoako nafar gazteluen inguruko hitzaldiarekin hasiko dute 'Mitoak eta historia' zikloa, hilaren 8an

Barren 2025ko mai. 6a, 17:38

Azkoitia eta Bergara artean dagoen Elosu auzoan zegoen Iriaun gaztelua, Bolante artista azkoitiarrak margotuta.

Maiatzetik irailera bitarterako Mitoaren eta historiaren arteko ur nahasietan zikloa antolatu dute Illunberri Achademiak eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, eta zikloko lehenengo hitzaldia maiatzaren 8rako (eguena) lotu dute. 

Gipuzkoako nafar gazteluak. Elosuko kasua aztergai izango du izenburua, eta Andoni Larrañaga historialariak eta Ander Errasti ingeniari eta Lanbroa Kultur Elkarteko kideak emango dute.  Azkoitia eta Bergara arteko mugan, Nafarroako Erresumarena izan zen Iriaun izeneko gaztelua zutik egon zen XII. mende ingurutik 1457ra arte, duela 568 urte ingurura arte, alegia.

Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da solasaldia, 19:00etan hasita. Egun berean, Erro garaituak izeneko erakusketa ere jarriko du Ibon Rokandiok.

Iriaun gazteluaren aztarnak Elosu auzoan.

Aurten betetzen dira 1000 urte Ypuscoa izeneko lurraldearen lehen aipamenetik, Iruñeko erresumaren baitan. Dokumentazioa urria da, baina, eta, ilun lausoan lagatzen ditu lurraldearen hedadura eta beste edozein ezaugarri; hurrengo mendeetan aipatzen diren gazteluen izaera eta funtzioak, besteak beste. Hitzaldian, gai honetara hurbilduko dira Deba arroko bi kokalekuren ikerketa ardatz hartuta, eta haien datu historiografiko eta arkeometrikoak garai haietako testuinguruan kokatuko dituzte.

Andoni Larrañaga eta Ander Errasti.

Zikloa iragartzeko kartela. Egilea: Ibon Serrano.