Sanbartolomeak 2024

Gaztaiñaditxuloko gazta eta Gaztañagako sagardoa gailendu dira Baserritarren eguneko lehietan

Barren 2024ko abu. 31a, 16:11

Idiazabalera eta Andoianera joan dira San Bartolomeetako Baserritarren eguneko gazta eta sagardo lehiaketetako lehen sariak.

Kalamua elkarteak antolatzen duen gazta lehiaketan Idiazabalgo Gaztaiñaditxulo Gaztandegiko Ander Barandiaranek auirkeztutako gaztak jaso du puntuaziorik altuena, 339 puntu. Olaberriako Aizpea gaztandegiko gaztak eskuratu du bigarren postua, 315 punturekin. Hirugarren postua azken bi edizioak, -2022koa eta 2023koa- irabazi zituen Infernuko gaztak (Lekaroz, Nafarroa) jaso du. Etxeko gaztandegia ere ez da esku hutsik joan, Itxurarik Onenaren Saria irabazi baitu Mauxitxakoek lehiaketara aurkeztutako aleak. Aurreko urteetan Kalebarren plazan egin izan duten txapelketa Kalegoen plazara lekualdatu dute aurten, eta elizpean egon dira epaimahikideak gaztak epaitzen. Kalamuakoak gustura agertu dira lekualdatzearekin. Gazta lehiaketako bigarren eta hirugarren sailkatuetako ordezkariak igo dira oholtzara saria jasotzera, baina Gaztañaditxuloko ordezkaririk ez zegoenez sari banaketa egiterakoan, Idiazabal gazta izendapen elkarteko ordezkari bat igo da saria jasotzera.

Gaztañaga, sagardo onena

Sagardo Txapelketa eta dastatzea ere egin dute Kalegoen plazan, Sallobente elkarteak antolatuta. Lehiaketaren 39. ekitaldiko irabazlea Andoiango Gaztañaga izan da, iaz bigarren postua eskuratu zuen sagardotegia.Gaztañagako sagardoak 122 puntu jaso ditu. Lizeagako sagardoak jaso du bigarren puntuazio altuena, 118 puntu. Hirugarren postuan sailkatu da iazko irabazlea, Urnieako Eula sagardotegia, 117 puntu jasota.
Herritarrak ere aritu dira plazan edan zitzaketen sagardo desberdinak epaitzen, baina beste modu batera. Basoa erosita nahi adina sagardo edateko aukera zuten eta txorizoa ere debalde banatu dute Sallobente elkartekoek. Bero egiten zuen plazan eta itzalguneen bila aritu dira sagardozaleak.

ARGAZKI-BILDUMA: 2024ko Baserritarren Eguna, irudietan

 

Gazta lehiaketako lehen sailkatuak eta antolatzaileak sari banaketa ekitaldian.

Sagardo lehiaketako lehen hiru sailkatuak (Gaztañaga, Lizeaga eta Eula), antolatzaileekin.