Olinpiar modalitateko Euskadiko Boxeo Txapelketako finalak hartuko ditu Elgoibarrek, hau da, amateur mailakoak. Boxeo olinpikoan 3 minutuko asaltoetara jokatzen dituzte borrokaldiak (2 minutukoak emakumeek), eta doitasunean eta teknikan oinarritzen dira, kolpe garbiak saritzen dituen puntuazio-sistema ezartzen baitute epaileek. Aldiz, boxeo profesionalak borroka luzeagoak bultzatzen ditu, non indarrak eta KOren bidez aurkariarekin amaitzeko gaitasunak berebiziko garrantzia duten. Hori da funtsean boxeo amateurraren eta profesionalaren ezberdintasun nagusia.
Finalistak, zehazteke
Hogei final jokatuko dituzte Olaizaga kiroldegiko kantxan ipiniko duten ringean, baina oraindik zehazteke daude, maiatzaren 10ean jokatzekoak diren kanporaketetan erabakiko baitira zein diren finalistak. Euskal Boxeo Federazioak eta Sorabox klubak antolatu dute Elgoibarko boxeo jaialdia, Elgoibarko Udalaren babesarekin.
Pisuaren arabera kategoria desberdinetan lehiatzen dira boxeolariak eta honako kategorietako finalak jokatuko dituzte Euskadiko Txapelketan: Gutxieneko pisua (46-48 kilo), euli-pisua (48-51), oilar-pisua (51-54), luma (54-57) arina (57-60), super arina (60-63,5), welter pisua (63,5-67), superwelter (67-71), ertaina (71-75), erdiastuna (75-80), kruzero-pisua (80-86), pisu astuna (86-92) eta super astuna (92 kilo baino gehiago). Adinari dagokionez, elite mailako gizon eta emakumeak (1985 eta 2006 artean jaiotakoak), gazte mailakoak (2007-2008) eta juniorrak (2009-2010) lehiatuko dira.
Sarrerak salgai
Borrokaldiak 17:00etan hasiko dira (16:30ean zabalduko dituzte ateak), baina aurrez, borrokalarien pisaketa egingo dute, 15:00etatik aurrera kiroldegian bertan.
Dagoeneko jarri dituzte salgai sarrerak. Aurre-salmentan erosiz gero, 15 euroan eskuratu ahal izango dira. Egunean bertan erosten dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte. Interesatuek 676 866 922 telefono zenbakira deituta eros ditzakete sarrerak.
Iazko ekainean ere egin zuten boxeo jaialdia Olaizaga kiroldegian.