Soinuek eta haren faltak, memoriak eta ahanzturak bezala, berebiziko garrantzia dute Alegriaren ez-fikzio poetiko honetan. Lan hau filmatzeko, familiako Super-8 kamera zaharra hartu zuen, bere aitonak Artazutik Argiñanoko bordetara egiten zuen transhumantziaren bidea errepikatzeko. Kamerak, baina ez zuen soinua ondo grabatzen. Hortaz, galdutako soinu, memoria eta bideen inguruko pelikula mutua ondu du zinemagileak.
Kamera eskuan eta Paolo astoa alboan, Artazutik Andiamendurako bidea egin eta filmatu zuen, behinola arbasoak egindako transhumantziaren baitan, haren ahotsa bilatzeko asmoz. Bilobak eta aitonak hartutako ibilbideak ez ziren berberak izan, garai hartakoa desagertuta baitago, baina Alegriari hori ez zaio axola; hura baino, arbasoen "ibilkera" eta "patxada" berreskuratu nahi izan dituelako.
Zinzindurrunkarratz izenburuak onomatopeia batean du jatorria. Zirin, mendi-brisak egiten duen soinuari esaten diote Artazu (Nafarroa) inguruan. Durrun, aldiz, mendian behera harriak egiten duen burrunbari esaten diote eta, azkenik, karrantz, tximistak mendi gaina jotzen duenean sortutako eztandari.
- Eguazten honetan, maiatzaren 7an, emango du Ongarrik zine klubeko emanaldien barruan, 21:00etan hasita, Elgoibarko Herriko Antzokian.