Arriagan semaforoa jartzeko lanak hasi dituzte

Barren 2025ko api. 30a, 15:12

Semaroroa jartzeko lanak Arriaga auzoan. Arg: Elgoibako Udala.

San Antolin auzoko bizilagunek urteak daramatzate errepidea gurutzatzeko semaforo bat eskatzen, baina ezezkoak jaso zituzten: Foru Aldundiarena lehenik, eta Arartekoak berak ere ontzat eman zituen Aldundiak Arriagan semaforoa ez jartzeko emandako arrazoiak. Azkenean, baina, hasi dituzte semaforoa jartzeko lanak.

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, joan den asteburuan hasi zituzten oinezkoentzako semaforo bidezko pasabidea egiteko lanak. Aurreikusten dutenez, ekainaren erdi alderako amaituko dituzte lanak, hamar bat astean. Udalak 152.611,54 euro (BEZ gabe) jarri ditu Transportes Orsa enpresak obra egin dezan. Semaforoa ipintzeaz gainera, bestelako lanak ere egingo dituzte eremu horretan. Besteak beste, bi farola berri jarriko dituzte pasabidearen mutur bakoitzean, "ikusgarritasuna hobetzeko eta gauez ere segurtasuna bermatzeko". Errepidearen erdian dauden isletaren egitura ere aldatuko dute, pasabidearen eremua kanpoko erreietara zabalduz, eta horma-barandak ipiniz; bai uhartean, eta baita espaloietan ere. Irisgarritasuna hobetzeko arrapala bat ere eraikiko dute San Antolingo etxebizitzetara sarbidea errazteko.

Zalaparta sortu zuen gaia

San Antolingo bizilagunak 2012an jarri ziren Elgoibarko Udalarekin harremanetan, autobusa hartzeko bidea gurutzatzean zuten arriskua gutxitzeko eskatuz. Udalak hainbat neurri hartu zituen orduan: Ibilgailuen abiadura 50 kilometro ordura mugatu zuen, errepide erdian isleta bat jarri zuten oinezkoentzako babesleku moduan; eta, errepidea bi zatitan gurutzatu ahal izateko, eta oinezkoekin kontuz ibiltzeko seinaleak jarri zituzten. 

Auzotarren iritziz, baina, neurri horiek ez ziren nahikoak. Botoidun semaforo bat eta zebrabide bat eskatu zituzten, eta berriro ere Udalera bideratu zituzten eskaera horiek. 2017ko irailaren 15ean Udaleko Plan Orokorreko zuzendariak semaforoa eta zebrabidea jartzea ez zela posible erantzun zien, hainbat arrazoi argudiatuta (ikus hemen).

Gainera, Udaletik esan zieten 634 errepidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpetentzia zela, eta Aldundira jo zuten orduan. Teknikoki eta ekonomikoki ez zela errentagarria gune horretan semaforoa jartzea izan zen Aldunditik jaso zuten erantzuna, eta, orduan, Arartekoarengana ere jo zuen Mireya Cearsolo bizilagunak; baina, Arartekoarenean ere ez zuen babesik lortu.

Ezezkoek haserrea eta ezinegona sortu zuten auzotarrengan eta protesta ekitaldiak ere hasi zituzten Arriagako arazoa bistaratu eta herritarren babesa lortzeko

Oinezkoek errepidea modu seguruagoan gurutzatzeko lanak egin zituzten gero, 2019ko udan, isletak sortuz, baina bizilagunak ez zeuden konforme lan horiekin, eta botoidun semaforoa eskatzen jarraitu zuten. 

Pasa dira sei urte, eta ezina izan zena posible da orain.

 

∞Lotura duten albisteak: