'Azken galdera amari' ipuin-kontaketa saioa izango dute bihar, hilak 8, Mendaron

Barren 2025ko mai. 7a, 12:52

Literatura baliabide aproposa da heriotzaren gaia haurrekin lantzeko, eta horretarako antolatu dute  'Azken galdera amari' ipuin-kontaketa saioa Mendaroko Udalak eta Arno guraso elkarteak, biharko.

Manex Beristain Agirrek (Azpeitia, 1977) emango du biharko saioa. Bikotekidea hil zitzaion Beristaini eta hitza izan du geroztik dolua pasatzeko ihesbide. Azken galdera amari ipuin ilustratua kaleratu zuen, Mirari Sagarzazu marrazkilariarekin batera. Ama hil zaion Ekain izeneko 9 urteko semearen larrutik kontatu zuen istorioa eta istorio horixe kontatzera etorriko da Mendarora bihar, Mendaroko Udalak eta Arno guraso elkarteak eskatuta. Udaletxeko udalbatza-aretoan izango da saioa, 17:30ean hasita.

Maiatzaren 15ean, tailerra

Gai beraren bueltan, maiatzaren 15ean, Heriotzaren pedagogia familian izeneko tailerra ere emango du Manex Beristainek 6 urtetik gorako haurrentzat eta haien gurasoentzat. Udaletxeko udalbatza aretoan emango du tailerra, 17:30ean hasita.