ONU auzokoen bazkarirako izena emateko azken egunak

Barren 2025ko mai. 5a, 17:10

Oraindik ere auzo sentimenduak indar berezia du ONUn, eta aurten ere ospatuko dute auzoaren izana eta izaera, bazkari baten bueltan.

Gaur egun, Ermuaranbide du izena; lehenago, 21 de Septiembre zen. Hala ere, ONU esaten diote elgoibartar gehienek orain mende erdi jatorri askotariko lagunak hartu zituen kaleari. “Auzoan euskaldunak, galiziarrak, gaztelarrak eta portugaldarrak bizi ginen. Asko, kanpokoak. Horrexegatik esaten diogu ONU. Denak familia berekoak ginela zirudien. Etxeetako ateak beti egoten ziren zabalik”, azaldu zion Gerardo Oterok BARRENi duela urte batzuk argitaratutako erreportajean. Bizilagunen artean sortutako harreman eta elkartasun handiak nortasun berezia eman zion ONUri. Baldintza zailak izan arren, auzokideak harro daude bertan bizi izanaz. “Auzoak konnotazio marginala izan badu ere, auzoko kide izatea aldarrikatu dugu beti”.

Oraingo eta lehengo bizilagunak maiatzaren 17an elkartuko dira berriro, bazkari baten bueltan. 12:00etan elkartuko dira Txarridunan, talde argazkia atera eta luntxa egiteko. Bazkaria 14:45ean izango dela jakinarazi dute. Interesatuek maiatzaren 9a baino lehen eman beharko dute izena, 60 euro ordainduta, honako kontu zenbakian: ES68 3035 0007 210071145958 (Euskadiko Kutxa) 

BIDEOA: Elgoibarko Ermuaranbide ONU kaleko bizilagunek argazki zaharrekin osatutako bilduma