Gizonezkoen Haundi taldeak ligako bi jardunaldi jokatu zituen aurreko astean. Egunenean Anaitasunaren aurka jokatu zuten Mintxetan, eta hutsean berdindu zuten. Puntu premiak eraginda, Elgoibar gogotik saiatu zen azken minutuetan, eta gertu izan zuen gola, baina hasitako moduan bukatu zen azkoitiarren eta elgoibartarren arteko lehia.
Domekan, berriz, Beasaingo Loinaz futbol zelaian jokatu zuen Haundik, eta banako berdinketarekin amaitu zen partida. Bi berdinketa horiekin batutako bi puntuak sari urria diren arren, jaitsiera postuetaik irten da Haundi, behin-behinean. Sailkapeneko azken hiru taldeek galduko dute maila eta postu bat gorago dago orain Haundi, 31 punturekin. Deustok 30 puntu ditu, 29 Aloña Mendik eta 22 Vasconiak. Gora begira jarrita, 33 puntu dituzte Hernanik eta Beti Gaztek eta 35 Mondragonek.
Hortaz, erabakitzeke dago azken sailkapena. Hiru partida falta dira Ohorezko Erregional Mailako liga txapelketa amaitzeko, eta horietako bi partida etxean jokatuko ditu Haundik. Aurrenekoa bariku honetan, 20:45ean Mintxetan, Oiartzunen aurka. Seigarren postuan daude oiartzuarrak. Azkenaurreko jardunaldia ere Mintxetan jokatuko du Haundik, Vasconiaren aurka. Azkenengo postuan dago Vasconia, mailari eusteko aukerarik gabe. Elgoibartarrek Irunen bukatuko dute denboraldia, Real Union B taldearen aurka.
Salbaziotik gertuago... edo salbatuta
Emakumezkoen Haundi taldea ere maila ez galtzeko lehia betean sartuta dago, eta mailari eusteko erabakigarria izan daitekeen garaipena lortu zuen azken jardunaldian, Hernaniri 0-2 irabazita. Jaitsiera postuetatik irten dira eta baliteke mailari eusteko nahikoa izatea, hiru talde beharrean bik bakarrik galdu dezaketelako maila. Bi jardunaldi falta dira liga txapelketa bukatzeko. Azkenaurreko jardunaldian Oiartzunen jokatuko dute elgoibartarrek, zapatuan, 17:30ean. Denboraldia Mintxetan agurtuko dute, Tolosaren aurka.
Haundi 11. postuan dago, 26 punturekin. 25 puntu dituzte Ostadar eta Hernani taldeek, 24 puntu Irauli Bostekok eta matematokiko mailaz jaitsita daude Beti Gazte (16 puntu) eta Ondarbeltz Amaikak Mutriku (4 puntu).