Kutxa Fundazioak hiru milioi euro bideratu ditu berrikuntza soziala sustatzeko ezhoiko laguntza-programara

Barren 2025ko mai. 6a, 10:36

STEAM arloak sustatzea, ikaskuntza eta gaitasunen garapena bultzatzea, eta Gipuzkoako gizarte eta ingurumen konpromisoa indartzea ditu helburu programa honen bitartez Kutxa Fundazioak. Gaur ireki da proposamenak aurkezteko epea, eta irailaren 30era arte izango da horretarako aukera.

Kutxa Fundazioak hiru milioi euro bideratu ditu bere plan estrategikoan jasota duen Gipuzkoa Aliantzan 2025 izeneko ezohikoa laguntza programara. Haren hitzetan, Gipuzkoako hainbat eragileren aliantzek "egituratutako eta elkarlanean garatutako gizarte-berrikuntzako proposamenak bultzatzera" bideratua dago programa, "lurraldeko gizarte-erronka garrantzitsuenei erantzungo dieten ekimenak babesteko, berrikuntzaren, lankidetzaren eta konpromiso kolektiboaren kultura sustatuz". Horretarako, hiru helburu estrategikoren baitan egituratzen da programa, eta "horiek Kutxa Fundazioaren etapa berri honetako inpaktu sozialaren lehentasunezko eremuak definitzen dituzte".

  1. Batetik, adierazi dutenez, STEAM arloa sustatu nahi dute, "herritarren interesa eta parte-hartze aktiboa sustatuta, bereziki haurrena eta gazteena, eta ikaskuntza formalean zein ez-formalean gerta daitezkeen ikaskuntza-aukera esanguratsuak eta inklusiboak".
  2. Horrez gain, "ezagutzaren kulturaren bidez, herritarren ikaskuntzak eta gaitasunak aktibatzen" laguntzea du asmo, pentsamendu kritikoa sustatzea helburu izanik.
  3. Azkenik, pertsonen eta erakundeen gizarte- eta ingurumen-konpromisoa indartzea du xede.

"Zentzu horretan, hiru helburu horiek, aldi berean, zeharkako ardatz batzuei erantzuten diete, hala nola pentsamendu kritikoa, aniztasuna, berdintasuna eta feminismoa; baita jasangarritasuna, euskara, kultur ondarea eta gobernantza ireki eta kolaboratzailea ere", adierazi du Garbiñe Etxezarretak, Kutxa Fundazioko ordezkariak.

Inbertsio "estrategikoa"

Fundazioaren hitzetan, hiru milioi euro bideratuta programa honetara, "lurraldeko berrikuntza sozialaren eremuan orain arte bultzatutako garrantzitsuena bilakatu" da, eta "aurkeztutako aurrekontuaren %80 emango die proposamen onuradunei, gutxienez 500.000 euro proposamen bakoitzeko". Deialdiaren aurrekontua agortu arte finantzatuko dira proposamenak, "betiere Kutxa Fundazioak egokitzat jotzen duen kalitate-maila gainditzen badute". Hala, gaur ireki da proposamenak aurkezteko epea, eta irailaren 30eko 14:00ak arte egongo da aktibo.

Etxezarretaren arabera, ekimen honekin "urrats bat" eman nahi dute "lankidetzan, berrikuntzan eta eragin kolektiboan oinarritutako gizarte-ekintzaren eredu baterantz", eta programak helburu du gonbidapen "irekia" izatea "gako berriak sortzeko, Gipuzkoa bidezkoagoa, konprometituagoa eta erresilienteagoa izan dadin egungo eta etorkizuneko erronken aurrean".

Epeak eta oinarriak

Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 6ko 09:00etan irekiko da, eta irailaren 30eko 14:00ak arte egongo da aktibo. Eskabideak Kutxa Fundazioaren webgunean eskuragarri dagoen deialdien atariaren bidez aurkeztu beharko dira.

Deialdiaren oinarri guztiak hemen eskura daitezke.