CATT Morkaikoko talde mistoa txapeldunorde ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketan

Barren 2025ko mai. 2a, 18:16

Nafarroa Xtrem probaren VIII. ekitaldia jokatu zuten zapatuan Nafarroako Zubiri herrian, eta ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan egon da aurten.

Zubirin hasi eta amaitu zuten 68 kilometroko eta 4.000 metroko desnibeleko ibilbidea duen Nafarroa Xtrem proba, GR-322 zidorrari jarraituz.

Eguraldi makurra izan zuten mendi korrikalariek, laino itxia, euria eta hotza egin baitzituen aurreko zapatuan. Probak izenean daraman xtrem izena erabat bete zela diote CATT Morkaikoko taldekideek. Adi (1.456 m), Saioa (1.458 m), Zuriain (1.408 m), Goitean (1.235 m) eta Baratxueta (1.150 m) mendietakon tontorretatik igaro ziren 600 partaideak eta askok laga behar izan zuten bertan behera baldintza gogorrengatik. "Euria barra-barra eta hotza egin zigun mendi tontorretan bereziki, zero azpiko tenperaturarekin. Jende asko erretiratu zen hipotermiak jota edo erorketen ondorioz, lokatzagatik irristakor baitzegoen zorua". Sei lagunek osatu zuten CATT Mortakoren talde mistoa, eta hiruk lortu zuten helmugara iristea: Laura Rodriguezek, Jose Luis Diez 'Txelu'k eta Jon Perez Cortesek. Martin Egizabal, Iban Zelaia eta Jose Novak osatu zuten taldea. Bukatzea lortu zuten taldekiek batutako puntuei esker sailkapeneko bigarren postua lortu zuten talde mistoen lehian. Gaikar Zortzietakoak taldea gailendu zen mmodalitate horretan. Gainera, emakumezkoen sailkapen nagusian zortzigarren postuan sailkatu zen Laura Rodriguez. Jon Perez Cortes 34. postuan sailkatu zen eta 40. postuan Jose Luis Diez.

Emakumezkoetan, Pauly Joselyne frantziarra izan zen azkarrena (8.49.02), eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarra (Bizkaia) sailkatu zen bigarren, hamar minutu eskasera (8.59.41). Horrenbestez, Azkorbebeitia da 2025eko ultra distantziako Euskal Herriko txapelduna. Gizinezkoetan Iraitz Legorburu getariarrak irabazi zuen proba (6.53.12) eta Euskal Herriko txapela.