Korrontzirekin emango du aurtengo kontzertu berezia Udal Musika Bandak, ekainaren 6an

Barren 2025ko api. 30a, 20:04

Trikitia eta bandako musika uztartuko dituzte Korrontzik eta Elgoibarko Udal Musika Bandak elkarrekin emango duten kontzertu berezian.

Korrontzik 70 bat emanaldi ematen ditu urtean eta horietako bat Elgoibarren emango dute ekainaren 6an, barikua, Kalegoen plazan. Ez dira, baina, bakarrik arituko, Elgoibarko Udal Musika Bandarekin batera baizik.

Euskal musika tradizionalaren enbaxadore nagusienetarikoa da Agus Barandiaran buru duen taldea. "Beraien webgunean duten kontzertuen agenda ikusi besterik ez dago modan dagoen taldea dela ohartzeko, baterik bestera baidabiltza: Maroko, Galizia, Tenerife... eta Elgoibarrera ere egingo digute bisita", azaldu du Txomin Mujikak. 

Elgoibarko Udal Musika Bandak bandek eskaintzen dituzten ohiko saioetatik aldentzen den kontzertu “desberdin” bat antolatzeko ekimena jarri zuen abian 2016an, besteak beste, Bandaren kontzertuetara publiko “berria eta gazteagoa” erakartzeko asmoarekin. Harrezgero, urtero eman dute kontzertu berezi hori, eta askotariko musikekin uztartu dute bandako musika: rock gaua egin dute behin baino gehiagotan, Celtas Cortos taldearekin batera ere aritu ziren Elgoibarko musikariak, modu klasikoagoan Soraluzeko Ezoziko Ama abesbatzarekin, eta Gospel gaua egin zuten 2022koan, Goizargi Gospel Choir taldearekin. Queen Gaua izan zen 2023koa eta iaz Serafin Zubirirekin batera aritu ziren, Nino Bravori gorazarre eginez.

20 urte 

Korrontzi taldeak hogei urte bete zituen iaz, eta urtemuga ospatzeko disko bikoitza grabatu zuten Bilboko Udal Musika Bandarekin. Hortaz, badute eskarmentua Bandekin, eta Txomin Mujikak dioen moduan, ohartu dira bandek duten ahalaz eta indarraz. Guztira 20 abesti argitaratu zituzten eta Xabier Zabalak egin zituen kantu guztien moldaketak. Horiek erabiliko dituzte Elgoibarko kontzerturako. Agus Barandiaran, Ander Hurtado de Saratxo, Kike Mora, Alberto Rodriguez eta Dani Condek osatzen dute Korrontzi taldea.

Korrontziko taldekideak Bilboko Udal Musika Bandarekin batera atera zuten dizkoko irudian.