Aitzurrak eta tenazak hartuta gerri makurrean ari dira sei bat lagun Garagartzan, Animarteneko etxearen ondoko belardian. Larrak garbituta bistaratu berri duten harrizko hormaren ondoan kala bat kimatzen ari da emakume bat eta inausteko artaziak eskuan dituztela lurrera eroritako arbola adaxkak batzen topatu ditugu beste bi. Errekaren ezker aldeko hegalean, aitzurrean ari dira beste bi lagun, behar baino gehiago ugaritu den landare bat sustraitik ateratzeko ahalegin betean. 46 urte ditu taldeko gazteenak. Eta hala ari direla, errekaren beste aldetik aupadaka hasi zaie ondoko jatetxean bazkaltzetik irten berri den gizon talde bat, petrilera gerturatuta. Motozerra hotsak isiltzen ditu, baina, haien ahotsak, eta zirkinik egin gabe jarraitu dute emakumeek lanean. Kazetaria ere begira dutela jabetu da Gym Berdea egitasmoko arduraduna, Keko Alonso biologoa. "Ligustrum vulgarea da, Aligustre izenez ezagunagoa hemen. Txina eta Japonia aldeko landare exotikoa da. Ez da landare inbaditzailetzat hartzen oraindik, baina izugarri ari da zabaltzen ibarretan, fruitu erakargarriak dituelako eta txoriek hara-hona zabaltzen dituztelako haziak", esan du. Bere esanetara ari dira gainerako guztiak.
Osasuna sustatzeko eta ingurumen-krisiari aurre egiteko egitasmoa da Gym Berdea, Jaurlaritzaren babesa daukana eta Mendaroko Udalak otsailean martxan jarri zuena, Larrabetzuko eredua gustatuta [2016an jarri zuten martxan ekimena han]. 16 urtez gorakoei zuzendutako egitasmoa da, eta bi helburu nagusi ditu Gym Berdeak: batetik, ariketa fisikoa eginez osasuna eta ongizatea hobetzea, eta bestetik, herrian sozializatzeko aukerak sortzea eta komunitatea indartzea. Gym Berdean izena emandakoak martitzenero batzen dira, eta 16:15etatik 19:30era, herriko espazio berdeetan aritzen dira lanean. Eguneko jarduna bukatzeko, berriz, luzaketak egiten dituzte, uzkurtutako giharreak luzatzeko eta lesioak saihesteko.
Talde horretako bat da Arrate Arriaga. Udalak herriko etxe guztietara bidalitako gutun baten bidez izan zuen ekimenaren berri, eta dio ez zuela zalantzarik egin. "Ikusteaz batera, pentsatu nuen: 'Hauxe da nirea'. Joan nintzen udaletxera, eman nuen izena, sartu ninduten whatsapp taldean, eta hemen nabil, gustura oso". Mendian asko ibiltzen denetakoa da Arrate, Txitxibilaldiak emakume taldeko lagunekin eta bestela, eta Gym Berdeanaturatik gertu sentitzeko beste aukera bat du. "Lorak, ortua... nire pasioa dira. Hemen, Mendaron, beti izan dut lorategia terrazan, baina behin etorri zitzaidan semea eta esan zidan: 'Ama, zergatik ez dituzu tomate landare batzuk sartzen? Hark esan, eta bete nik. Orain, tomateak, piperrak, pipermina, letxugak... hartzen ditut. Dena jateko". Gym Berdetik dena gustatzen zaio, baina dio bereziki lagungarri izan zaiola herrian lagun berriak egiteko. Oraindik iazko lore guztiak galdu bako fukzia landare bat kimatzen ari da gaur, eta laga dugu lanean.
Olatz Bizkarguenaga dauka ondoan. Zinegotzia da Bizkarguenaga Mendaroko Udalean, eta Gym Berdean herritar gisa ari den arren, zinegotziari eskatu diogu erantzuteko. "Herri txikia da gurea eta iruditu zitzaigun egitasmo ona zela gurearen ezaugarrietako udalerri baterako, komunitatea indartzeko. Jendea elkartu ahal izateko espazio berriak sortu nahi genituen, eta ekarri genuen proiektua Larrabetzutik, iruditu zitzaigulako aukera polita zela jendea taberna girotik kanpora sozializa zedin, bai eta herriko inguru berdeak zaintzeko ere". Badu auzolanaren izpiritutik Gym Berdeak. Dena erakundetu aurretik, Mendaron ere izan zuen auzolanak indar bat, gaur apaldu xamar dagoena, eta Gym Berdekoek ikusten dute horri heldu behar bat ere. "Bazterrak zaintzea bada denon egiteko bat. Eta lan hauetako batzuk gaur Udalari dagozkionak izan daitezkeen arren, iruditzen zait pozik ari garela hemen gauden guztiok, ikusten dugulako gure lanak balio duela herria txukuntzeko eta edertzeko, eta hori denoi gustatzen zaigulako".
Keko Alonsorena da non-zer egin erabakitzeko ardura. Berak diseinatzen ditu lorategiak. Trinitateko parkean mugurdi ilara bat eta zuhaixka apaingarri batzuk landatu zituzten otsailean eta inguruko arbolen adarrak kimatu, oinezkoak jotzeraino haziak zeudelako. Trinitateko parkean bertan ere, usteldutako zuhaizka bat kendu, beste bi-hiru bakandu eta kimatu, eta inguruan pilatutako plastikoak eta beste zabor batzuk jaso dituzte, ur jausi artifizialaren buelta txukuntzeko. Herriko Enparantzatik Garagartzarako eskailera ondoko berdeguneak ere hustu dituzte plastikoz, eta gaur lanean ari diren leku honetan zuhandorrak eta mimenak (zumitzak) sartu dituzte errekaren gaineko aldean. "Zuhandorraren urtebeteko adarrak gorrixkak izaten dira, eta urtero adarrak inausita, neguan kolore laranjako ilara sortuko dugu. Haren ondoan mimen ilara sartu dugu, kolore horixkakoa, eta hala, neguan, kolorezko orbanak sortuko ditugu. Ohituta gaude loreekin apaintzera bazterrak, baina lorerik gabe ere lortu daiteke kolorea lorategietan". Sartu dituzten landareak baino gehiago kendu dituzte momentuan, baina, eta jakin badakite ez dela denen gustukua izan hori. Baina lorategiak diseinatzeak hori esan nahi du. Landareak bakandu egin behar dira, eta tarteka inausi ere bai. "Jende batek ez du ulertuko orain, baina poztuko dira emaitza ikusitakoan. Mozten, botatzen eta apurtzen ikusten gaituzte orain, baina gero irteteko modua da hori. Dena zentzu baten barruan egiten dugu. Kekok berak ere esaten digu pena ematen diola kentzeak, baina hori da bidea, gero etorriko bada", gaineratu du Idurre Arakistainek. Aitortu du Barrenen bidez eta whatsappez izan zuela ekimenaren berri, eta ez zuela birritan pentsatu beharrik izan izena emateko: "Azkenaldian jo eta su nabil etxean ere lorak zaintzen eta pentsatu nuen aukera ona izan zitekeela hau etxetik kanpora ere zerbait egiteko. Era berean, asko ibiltzen naiz pasieran txakurrekin eta amorratzen nau bazterrak zikin ikusteak. Txakur-kakak batzean hor ibiltzen naiz amorrarazita inguruan topatutako plastiko, lata eta abarrak jasotzen, eta ekimen honetatik gehien gustatzen zaidana hori da: ikustea jende bat ari dela bazterrak txukuntzen"
Erreportajea osorik BARREN aldizkariko 1368. zenbakian -PDF-