Itzalaldian, galduta

Ainara Argoitia 2025ko mai. 2a, 19:33

Azkueko zentral elektrikoa.

Kaosa eragin zuen astelehenean Iberiar penintsula osoari eragin zion itzalaldiak. 12:33an itzali zen argia, eta leku gutxi batzuetan etenaldi labur bat baino izan ez zena, luzatu zen gehienean, ohituta ez gauden bestean. Arratsaldeko lehen orduan itzuli zen argindarra Elgoibarko leku gutxi batzuetara, baina 20:50ak aldera arte ez genuen leku guztietan berreskuratu, ez Elgoibarren eta ezta Mendaron ere. Hona astelehen kaotikoaren eta biharamunaren kronika.

Etxean bazkaltzen duten Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako eskola-umeak ikastetxetik irten berritan itzali zen argia astelehen eguerdian, jatetxeetan, eguneko-menuak zerbitzatzen hasteko puntuan, komertzio eta establezimendu asko ixteko ordu erdiren faltan. 12:33ak ziren. Itzali zitzaizkigun ordenagailuak eta lantresnak guri ere bulegoan, baina instalazio elektrikoko diferentzialek salto egin barik. Ez geunden ohituta horretara eta harritu ginen. Artean, eskuko telefonoetara mezu banaka batzuk iristen ziren tartean behin, eta galdera bera zekarten guztiek: 'Argirik baduzue hor?". Minutu gutxiren buruan jakin genuen irrati bidez itzalaldia ez zela gure etxe bueltara mugatzen. Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Frantzian eta Portugalen ere argirik gabe zeudela entzun genion irrati esatariari eta eragin zuen albisteak halako ziurgabetasun bat, zurrumurruak informazioa baino azkarrago zabaltzen direlako halakoetan eta zibereraso bat izan zitekeen kontua ere harrotu zelako berehala. Argindarrarekin batera, telekomunikazio-sarea ere jausi zen eta estaldurarik gabe gelditu ziren telefonoak, inguruan eta munduan zer gertatzen ari den jakiteko ezinbesteko zaizkigun lagunak. Informazioa urria zen. Irratiko lankideek eurek ere arazoak zituzten kazetariekin harremanetan jartzeko. Halatsu zebilen jendea kalean, ingurukoen berri izan nahi eta haiekin harremanetan jarri ezinean, telefonoari uneoro begira, bateria alferrik xahutzen.

ZIURGABETASUN ERABATEKOA

Makinak geldi zeuden eta etenda produkzioa; geldi, igogailuak, ate elektrikoak eta kutxazain automatikoak; etenda zegoen tren-zerbitzua eta itzalita semaforoak eta trafikoa arautzeko gainerako seinaleztapen guztia. Bat-bateko itzalaldiak aztoratu zigun egunerokoa eta jabetu ginen zein menpeko eta zaurgarri garen. Tresna guztiak lo, zer gertatzen ari zen ikustera irten ginen kalera, kontatzeko modurik ere ez geneukala jabetu gabe artean. Berehala hartu genion tamaina gertatu zenari, baina. Kalean ez zen beste gairik.

Ordubiak aurretxoan, mezua zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak, argindarra Europako leku askotan eten zela esanez eta herritarrei lasaitasuna eskatuz. 112 telefonoa larrialdietarako bakarrik erabiltzeko ere eskatu zuten, lineak ez kolapsatzeko. Elgoibartik eta Mendarotik egindako itzulian, dozenaka eta dozenaka langile ikusi genituen lantegi atarietan jarrita; batzuk bazkaltzen, besteak egonean. Jatekoa berotu ezin bazen ere, behintzat giro egiten zuen egoteko. Astelehena eguzkipean; ez zen aukera txarra, lar ez luzatzekotan. Eguzki-argiari lantegira sartzen lagatzeko, eskailerak jarrita zituzten lantoki askotan ate elektrikoei goian eusteko, eta batzartuta zeuden arduradunak. Ikusi genuen bakarren bat bilerara bidean, eta sumatu genuen egonezin urduri bat haren bisaian. Inork ez zuen hitzik egin nahi, ezta kanpoan zain zeudenek ere. Zuhurtzia eskatzen zuen egoerak eta irudiak hartzea ere debekatu ziguten enpresaren batean.

Derrigorrean gelditu zuten eguneko jarduna askok, eta handitu zitzaien lan-karga beste batzuei. Hala ikusi genituen udaltzainak eta brigadako langileak esaterako, eginahalean, ate elektrikoak zabaltzen eta adinekoei eta ezinduei laguntzen, igogailuak gelditu zirenean askok arazoak izan zituztelako etxeratzeko nahiz etxetik irteteko. Biharamunean, Leticia Astray Elgoibarko udaltzaiburuak azaldu zuen zazpi lagun atera behar izan zituztela igogailuetatik udaltzainek, izan publiko zein pribatuetatik, eta haietako bat ateratzeko suhiltzaileak ere gerturatu zirela Elgoibarrera, solairu batetik besterako tartean gelditu zelako harrapatuta gizona. Era berean, beste dozena bat laguni ere lagundu zieten etxeratzen, eta anbulatorioan bertan ere izan zituzten bi intzidentzia gurpildun aulkian zeuden bi lagunekin, bai eta San Lazaro egoitzan ere, afaldu ondoren hogeita lau bat egoiliar oheratzeko orduan. "Argia ez ezik, telekomunikazio-sarea ere itzali zen, eta zailtasunak genituenez igogailuak instalatzeaz eta mantentzeaz arduratzen diren enpresekin harremanetan jartzeko udaltzainok ibili ginen egiteko horretan. Gure walkie-talkieak bakarrik zebiltzan. San Lazaron, berriz, egoiliarren senideek eta boluntarioek ere lagundu ziguten egoiliarrak oheratzen", azaldu zuen.

ARAZOAK GARRAIO PUBLIKOAN ETA NORMALTASUNA OSPITALEAN

Errepidean, autoen joan-etorria handia zen, baina ausartegia litzateke ohikoa baino handiagoa zela esatea. Autobus geltokietan, hori bai, jende pilaketa handiagoak zeuden, besteak beste tren-zerbitzua etenda zegoelako. Saturio parean gelditu zen Bilborako norabidean zihoan trena argia joan zenean (beheko irudian), eta Mendaron, Santa Ana pare horretan Donostiara zihoana, eta oinez irten behar izan ziren trenbidetik bidaiariak. Gasolindegiak, berriz, itxi egin zituzten. Mendaroko ospitalean, berriz, nolabaiteko normaltasunez lan egin ahal izan zuten, ospitaleak duen energia sorgailu propioa martxan jarrita. Normaltasuna bai, baina kezka ere bai. Batzartuta harrapatu genituen ospitaleko arduradunak hirurak aldera, ezohiko egoeran zer lehenetsi erabakitzen. Atarian, larriago zebiltzan anbulantzietako gidariak. Igogailurik gabe, etxeraino igo behar zituzten bere hankaz igotzeko gai ez ziren gaixo eta adineko asko, eta zaildu zitzaien lana, "ikaragarri". Antzera bizi izan zuten asteleheneko itzalaldia eguneko zentroetako langileek ere. Ospitaleko harreran, gurpildun-aulkietakoek betetzen zuten harrera. Zain egotea tokatzen zitzaien, baina ezinbestean beste baten laguntza jasotzera ohituak daudenen pazientziarekin bizi zuten dena. Anbulatorioetan, programatutako lan batzuk egin ahal izan zituzten, sendaketak-eta, baina gaixoen osasun-historialak ikusi ezin zituztenez, gauza gutxi egin ahal izan zuten beste zenbaitetan mediku eta erizainek. Txertoak eta hotz mantendu beharrekoak, berriz, Mendaroko ospitalera eraman zituzten gure anbulatorioetatik, hozkailuetan sartuta.

LASAITASUN ESKEA ERAKUNDEETATIK

15:30ak aldera jakin genuen Espainiako Gobernuak Nazioaren Segurtasunerako kontseilua deitu zuela eta beharrezko izan ezean autorik ez hartzeko eskatu zuten Madrilgo gobernutik. Elgoibarren eta Mendaron aparteko trabarik sumatzen ez bazen ere errepide nagusian, Euskal Herriko hiriguneetan-eta sortu zituen itzalaldiak eragozpenak trafikoan. "Lasaitasuna" eskatu zuten Madrildik, eta patxadaz hartu zuten zenbaitek, eguraldia lagun. Terrazak bete ziren, baina baita saltoki handiak ere, orduek aurrera egin ahala. Gogoratuko ziren asko eta asko duela hiru bat aste Europako Batasunak egin zuen gomendioarekin eta horrenbeste txistetarako eman zuen bizirauteko kitarekin eta sartuko zitzaien despentsa betetzeko larria beste batzuei, eta ondorioz, agortu zitzaizkien pila, camping gas eta irratiak astelehenen arratsaldean etxetresnak saltzen dituzten Elgoibarko dendetan eta hustu ziren apal jakin batzuk supermerkatuetan. BM supermerkatua itxi egin zuten bezeroentzat, baina parean, Mercadonan, normaltasun osoz jardun ziren lanean. Ez dago denentzako txarrik. Supermerkatuan erosketak egiten ari zirenen artean, baina, bazebilen kezka bat: Zer erosi jateko, berotu ezin bada? Zenbat erosi, hozkailua ez dabilenean eta jatekoa hotz mantendu ezin denean?. Tamainakoak dira gure gaurko beharrak!

18:15ak aldera agerraldia egin zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta esan zuen lanean ari zirela argindar etenaldiaren jatorria zein zen argitzeko. "Oraindik ez dugu informazio guztiz argigarririk, hobe da espekulaziorik ez egitea, baina guk ez dugu hipotesi bakar bat ere baztertzen". Nabarmendu zuen ez zegoela segurtasun arazorik eta osasun sistemak ondo funtzionatzen zuela. Azaldu zuen, itzalaldia gertatu zenean sare elektrikoak hamabost gigawatt galdu zituela bost segundo eskasean. Esan zuen hori ez dela inoiz gertatu, baina nabarmendu zuen argindarra pixkanaka berrezarriko zutela, Frantziako eta Marokoko ziklo konbinatuko gas zentralei eta zentral hidroelektrikoei esker. Herritarrei hiru gomendio egin zizkien Sanchezek: ahalik eta gutxien mugitzea autoz, informazio iturri ofizialak erabiltzea eta modu arduratsuan erabiltzea sakelako telefonoa, 112 zenbakira behar denean bakarrik deituz eta dei laburrak eginez.

Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak ere hitz egin zuen komunikabideen aurrean eta normaltasunera iristeko orduak eta egunak beharko zirela ohartarazi zuen. Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak, bestalde, esan zuen informazioa ez den asko zabaltzen ari zela ahoz ahoz nahiz sare sozialetan, eta informazio iturri nagusiek diotenari bakarrik kasu egiteko eskatu zuen. Zuhurtzia eta pazientzia eskatu zituzten.

Lehendakariak esan zuen biharamuna ere ez zela egun normala izango, baina Pradalesek adierazpen horiek egin eta gutxira argia bueltatu zen, eta lasaitua hartu genuen. "Bihar biharkoak", pentsatu genuen. Jateko beroa afaltzeko aukera izan genuen etxeetan eta bagenuen argia gauerako. Itzalaldia zerk eragin zuen jakin barik oheratu ginen, hala ere, eta biharamunean lerro hauek idazten ari ginenean hala jarraitzen genuen oraindik, arrazoia jakin barik. Lasaiago, hori bai. Leticia Astray udaltzainburuak ere aitortu zuen "sekulako lasaitua" hartu zutela argia itzuli zenean: "Pertsiana elektrikoak jaitsi ezinda zeuden denda, eztablezimendu eta enpresa askotan, eta beldur ginen. Egun osoz negozioak zaintzen egon ziren zerbitzuetako langile asko, eta sikiera, gauean lasai lo egiteko moduan zeuden. Gu ere bai, lapurreten beldur ginelako. Iluntasuna da lapurren lagunik onena".

Biharamunean, %100ean berreskuratua genuen argindarraren hornidura Euskal Herrian, baina astelehenekoaren tamainako geldialdiak makinetan-eta kalterik eragin ote zuen ikusteko eguna zuten gure bueltako enpresa eta zerbitzu askotan.