San Frantzisko kalea eta Urazandi auzoa lotzeko zubi berria eraikitzeko lanak aurrera doaz, eta Deba ibaia gainditzeko pasabidea jartzeko lanak egingo dituzte zapatuan, maiatzaren 10ean. Hori dela-eta, N-634 errepidea erabat itxita egongo da, 07:00etatik 20:00ak arte.
Donostiatik datorren trafikoa udalerri barrutik desbideratuko dute, eta Bilbotik datorren trafikoa, berriz, Urazandik barrena. Alabaina, kamioiek eta autobusek herri barrutik joan beharko dute, Olaso industrialdetik kamioiak eta Sigma zubitik autobusak sartuz. Autobus zerbitzuari dagokionez, DB02 eta UK05 lineek Elgoibarko geltokia egingo dute Guassen bi noranzkoetan. Bilborako noranzkoan doazen DB04 eta DB06 lineek ez dute geldialdirik izango ez Txankakuan ez Karrozerietan, eta Santa Ana kaleko 34. zenbakiaren parean dagoen behin-behineko geralekuak ordezkatuko ditu.
Habe berriak
Zapatuan jarriko dituzten habeak berriak direla jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Jatorrizko habeak egokitzeko asmoa zuten arren, desmuntatu eta aztertu ostean ez zeudela egoera onean ondorioztatu zuten, eta berriak ipintzea hobestu dute. Tailer batean egin dituzte zapatuan jartzekoak diren habe berriak.
Zubi berria egiteko lanak aurreikusitako epe barruan daudela zehaztu dute Udaletik, eta urtea amaitu baino lehen amaituko dituzte.