Inauteriak

Sardinaren ehorztea antzeztu dute Mendaron inauteriak agurtzeko

Barren 2025ko mar. 5a, 15:13

Sardina erre eta akabo inauteriak! Herri askotako ohitura da sardinaren ehorztea. Mendaron ez da tradiziorik izan, baina kuadrilla batek itxura eman nahi izan zion atzo martitzen karnabalari eta beltzez jantzita irten ziren kalera, sardina koloretsu bat hartuta. 

Iaz egin zuten estreinakoz, iragarri gabe, eta jende multzoa batu zela ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Atzo, sare sozialen bidez iragarri zuten, azken orduan, eta 19:00ak alderako Herriko Enparantzan batu zen lagun kuadrilla bat beltzez jantzita. Haietako batek sardina koloretsu bat zeraman, eta esku-argiak eta kandelak zeramatzaten gainerakoek. Uztargi tabernan hasi zuten hileta-segizioa, eta tabernaz taberna ibilita, Mendarozabalen eman zioten azkena aurtengo inauteri jaiei.