Mesa 7 taldeak antolatu du kontzertua, Mendaroko Udalaren eta Gararock taldekoen laguntzarekin, eta Herriko Enparantzan izango da, 22:00etan hasita. Antolatzaileek jakinarazi dute gaueko autobusak ere antolatuko dituztela Elgoibarrera 23:50etik 02:00ak bitarterako (Altzolan ere egingo du geldialdia, behar izanez gero). Autobuserako txartelak 6 euro balioko ditu eta ondorengo hiru lekutan erosi ahal izango dira: Elgoibarren, Txarridunan, eta Mendaron, Uztargi tabernan eta Galle-tiak gozotegian. Autobuseko txartela erakutsita, gaileta bat (Galletiak Fabriken) eta kafe bat (Uztargi tabernan) eskatu ahal izango dira.
Duela bi urte estreinatu zuen Elgoibarko Udal Musika Bandak Queen Gaua. Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
Ilusio handia eragin zidan Elgoibarko bandaren proposamenak, eta aldi berean, erronka moduan hartu nuen. Queen-en abestiak ez dira errazak, jende askok ezagutzen ditu kantak eta ardura handia sentitu nuen. Baina oso pozik hartu nuen gonbidapena, ohore bat izan zen niretzat, eta oso eskertuta nago. Maalan eman genuen kontzertua eta gau hartako sekulako oroitzapena daukat. Akordatzen naiz asteetan edota hilabeteetan jendeak kalean zoriondu egiten ninduela.
Epealdi honetan hainbat kontzertu eman dituzu formatu berean, beste musika banda batzuekin.
Bai, eta denekin aritu izan naiz oso gustura. Bandak desberdinak dira, bakoitzak bere zuzendaria dauka eta partiturak interpretatzeko modu desberdinak dituzte. Igarri izan ditut aldaketak, baina nola edo hala, egin ditudan emanaldi guztiek izan dute Elgoibarko Bandarekin lotura. Labastidako bandako zuzendaria Juanma Saez da, Elgoibarko bandako zuzendariordea, eta aurretik ere abestuta neukan beraiekin, Rock Gaua egin genuenean. Debako bandarekin ere, Elgoibarko bandako kide batzuk hartu zuten parte, eta Andoaingo bandarekin abesteko zubi-lanak ere Juanma Saezek eta Gorka Mujikak egin zituzten. Kontzertu hartan Patxi Zabaletak ere hartu zuen parte. Beraz, ikuskizun honen jatorrian Elgoibarko banda dago.
Zer da zuretzat Freddie Mercuryren azalean sartzea?
Queen-en abestiak entzun izan ditut eta gustatzen zaizkit, baina ez naiz izan diskoak osorik entzun izan dituen horietakoa. Saiatzen naiz gerturatzen Freddie Mercuryren estilora, baina ez nuke esango bere azalean sartzen naizenik. Nik nire ukitua ematen diot, eta nire erara ekartzen dut melodia. Haren tinbrea imitatzea zaila da, eta ez da hori gainera nire helburua. Egia da bere keinu asko irteten zaizkidala kontzertuan zehar, oso-oso entzunak ditudalako abesti horiek. Gainera, pentsatzen dut publikoak ere entzun nahi izango dituela kantuak diskoan entzun dituen moduan, orduan saiatzen naiz ahalik eta antzekoen abesten, baina ez Freddie imitatzen. Abesti exijenteak dira, eta detaile asko zaindu behar dira. Queen-en kantak oso onak dira, eta izugarri gozatzen dut abesten. Kanta oso politak dira abesteko, eta gainera, publikoa ere gozatzen ari dela ikusteak asko laguntzen du, baina gozatzen duen lehenengoa ni neu naiz.
Zer eskainiko duzue Mendaroko kontzertuan?
Hein batean Elgoibarko errepertorio berbera izango da. Kanturen bat kenduko dugu beharbada, baina oinarrian Elgoibarren eskaini genuen kontzertu berdina izango da. Kanta guztiak dira onak eta ezagunak, eta niri zaila egiten zait onena edo gustukuena zein den esatea. Baina badago bat oso potente geratu dena, eta asko gustatzen zaidana: Tie your mother down. Abesti rockeroa da, eta bandarekin oso ondo geratzen da. Seguru nago jende asko joango dela kontzertura. Gogoratzen dut Elgoibarren jo genuen hartan batek baino gehiagok esan zidala ezin izan zuela kontzertua ikusi, eta orain Mendaron daukate beste aukera bat. Mila esker Mesa 7 taldekoei kontzertua antolatzeagatik. Gu oso pozik joango gara.
Azken urteetan kalera irten eta herritarrengana gerturatzeko ahaleginean dabil Elgoibarko Udal Musika Banda. Ikuskizun honek laguntzen duela iruditzen zaizu?
Bai, bai, zalantzarik gabe, eta oso bide interesgarria iruditzen zait. Lehenengotarikoa Rock Gaua izan zela uste dut, Deep Purple, Scorpions eta beste talde batzuen kantak abestu genituen, eta ondo funtzionatu zuela ikusita, urtero egiten dute zerbait. Celtas Cortos taldearekin eman zuten kontzertu bat, Gospel talde batekin ere bai, Serafin Zubirirekin... Eta Queen Gaua ere herritarrengana gerturatzeko oso aproposa da. Herriko Bandan gainera herria dago ordezkatuta. Adin desberdinetako musikariak daude, eta herriko familia asko daude horren atzean. Familia guzti horiek eta lagunak kontzertuak ikustera joaten dira, eta ohikoena da emanaldiak arrakasta izatea. Ni oso eskertuta nago, eta eskerrak eman nahi dizkiot hemendik Elgoibarko Udal Musika Bandari proiektu honen parte izateko aukera eman izanagatik, eta produktu hau beste herrietara zabaltzeko egin duen ahaleginagatik. Nirekin kontatzen dute proiektu potente honetarako, eta hori niretzako izugarria da.
Zer beste proiektu duzu esku artean?
Saltsa askotan sartuta nabil. Nire bakarkako ibilbideko kontzerturen bat edo beste emango dut oraindik Urbil Artolarekin Kateak diskoarekin, eta Belar Hostoak proiektuarekin ere bagabiltza. Bilboko blues talde batekin ere banabil, eta Patxi Zabaletarekin ere kontzertu pila bat dauzkagu, Bikustik-ekin. Berritzaileena Sugramas berpiztuko dugula izan daiteke. Durangon joko dugu, eta Elgoibarko San Bartolome jaietan ere bai. Musikari berri batzuk batu dira taldera, eta pozik gaude. Queen ikuskizuna Hondarribin ere emango dugu uztailaren 19an, hango bandarekin, eta Gorka Mujika izango da zuzendaria.