Zehazki, webguneak bisitatzeko erabiltzen den gailuaren eta internet operadorearen arabera, azaleko orriko irudiak eta multimedia elementuak ez dira ondo kargatzen, eta webgunea, ondorioz, desitxuratuta azaltzen da. F5 sakatuta eta orria eguneratuta ikus daitezke irudiak.
Zuzeneko partiduen erretransmisio piratak ekidin eta bere etekin ekonomikoak babesteko Espainiako futbol liga elkarteak hartutako neurri judiziala dago arazoaren jatorrian. LaLigak bere esku duen ebazpen judizial bat exekutatzeko eskatu zuen otsailaren hasieran. Ebazpen horren arabera, internet hornitzaileak behartuta daude Ligako partida bat dagoen bakoitzean IP edo helbide tarte zabal bat blokeatzera, partiden baimenik gabeko erretransmisioak eragozteko.
Helbide horien artean daude hainbat eta hainbat webguneri zerbitzua ematen dien Cloudflare zerbitzuak erabiltzen dituenak. Hala, futboleko enpresa handien mozkinak babesteko, Espainia osoan 160.000 webgune inguru kaltetzen ditu blokeoak, futbolarekin eta eduki piratekin zerikusirik izan ala ez. Kaltetutako webgune horien artean daude TOKIKOMeko guztiak, barren.eus barne, eta berria.eus edo Egunean Behin aplikazioa bezalako beste zerbitzu batzuk. Cloudflare enpresak epaitegietara eraman du LaLigaren jokaera, “gehiegizkoa eta zentzugabea” delakoan.
.EUS domeinuen egoera
Puntueus Fundazioak .EUS domeinuen egoraren berri eman zuen orain gutxi. La Liga auziaren jarraipen tekniko eta legala egiten ari diren adituekin egindako lehen azterketaren arabera, une honetan, 209 .EUS domeinuk erabiltzen dute Cloudflare proxy-zerbitzua; hori dela eta, Interneteko operadoreek webgune horien IPak blokeatzeko arriskua dago La Ligaren hurrengo emanaldietan. Balizko blokeoak denbora errealean aztertzeko eta izango duen inpaktua neurtzeko, domeinu horiek guztiak monitorizatuko dira futbol partidak jokatzen diren orduetan. Ondoren, eta ikerlanaren emaitzetan oinarituta, zehaztuko ditu Puntueus-ek eman beharreko hurrengo urratsak.
BARREN herri komunikabideak barkamena eskatu nahi dizue blokeoa pairatzen ari zareten erabiltzaile guztioi. TOKIKOMeko eta Plataformaren zerbitzua mantentzen duen CodeSyntax enpresako talde teknikoak lanean ari dira arazoari aurre egiteko, baina ez dago alternatiba tekniko askorik ebazpen judiziala aldatzen ez den bitartean. Bien bitartean, arazoa duzuen erabiltzaileok VPN zerbitzuren bat erabil dezakezue, zuen konexioa Espainiako Estatutik kanpokoa dela simulatzeko. Otsailaz geroztik gertatzen ari da arazo hau, momentu puntualetan.