Markina, Iruña eta Bergarako erraldoiek hartuko dute parte erraldoien topaketan

Barren 2025ko api. 30a, 19:25

Elgoibarko Erbuze erraldoien konpartsarekin batera, Iruñeko Alde Zaharra konpartsak eta Bergarako eta Markina-Xemeingo erraldoiek hartuko dute parte Elgoibarko Erraldoien Topaketan.

Maiatzaren 10ean, zapatua, egingo dute topaketaren laugarren edizioa izango dena -2022an egin zuten estreinakoz-. 
17:30ean hasiko dute topaketa Kalegoen plazatik, baina ordu erdi bat aurretik ikusgai izango dira plazan erraldoi guztiak. Mauxitxa txarangak girotuko du musikaz kalejira eta Elgoibarko eta Iruñeko dultzaineroek jotako doinuekin arituko dira dantzan erraldoiak.

Iruñeko Alde Zaharreko Konpartsa

Iruñeko Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsa 2001ean sortu zuten irabazi asmorik gabeko Gazte eta Kultura Elkartea da. Gaur egun, konpartsa erraldoi-eramaileek, kiliki-eramaileek eta musikariek osatzen dute. Lau metro baino gehiago neurtzen duten lau erraldoik osatzen dute konpartsa. Aipatu pertsonaiek lau elementuak irudikatzen dituzte: Lurra, Sua, Ura eta Airea. Erraldoiekin batera, lau kiliki ere badituzte: Napoleon, Payaso, Pamplonica eta Demonio. Iaz ere hartu zuten parte Elgoibarko Topaketan.

Bergarako Erraldoi eta Kilikien Konpartsa

2000. urtean Bergaran sortutako taldea da. Lau erraldoirekin hasi zuten beren jarduna, eta gaur egun sei erraldoi handi, zortzi erraldoi txiki, bi erraldoi ertain, bi ipotx eta sei buruhandi eta lau kiliki dituzte. Ehun bazkidetik gora ditu taldeak, 6 urtetik 77 urtera bitartekoak. Azken aldian sarritan etorri dira Elgoibarrera eta bi alditan parte hartu idute Elgoibarko Topaketan, iaz azkenengoz.

Markina-Xemeingo Erraldoien konpartsa

Hamar dira gaur egun Markina-Xemeingo erraldoiak dantzan ipintzen dituztenak, beste hainbat laguntzaile badituzten arren. Lau erraldoi dituzte: Elorrio, Kontxita, Peru Abarka eta Bixenta Mogel. Erraldoi nagusiez gain, beste txikiago batzuk ere badituzte: Zerutxu (Mikel Ibarzabal urretxuarrak egindakoa) eta Kokote (taldekideetako batek egindakoa)”. Iaz Markina-Xemeingo Erraldoien topaketa antolatu zuten estreinakoz eta Elgoibarko Erbuze konpartsa izan zen gonbidatuetako bat. Elgoibartarrek auzokoak gonbidatu dituzte orain Elgoibarko topaketan parte hartzera. 

 

Hona iazko topaketaren laburpen-bideoa: