Udal agintariek prentsa ohar bidez gogora ekarri dutenez, aurtengo jaietako egitaraua 70 jarduera baino gehiagorekin osatu zuten, eta jai-program horia prestatu eta aurrera eramateko "lankidetza estuan" aritu dira tokiko hainbat talde eta elkarterekin.
Puro Relajo eta Mauxitxaren kalejira, beste egun batean
Jaietan ez da eguraldiaren aitzakiarik izan, baina azken eguneko (Baserritarren eguna) bi ekitaldi zapuztu zituen ekaitzak iragartzen zituen eguraldi iragarpenak, Puro Relajo taldearen emanaldia eta Mauxitxa txarangak kontzertu horren ostean egin behar zuen kalejira, hain zuzen ere. Udaletik jakinarazi dutenez, kontzertua zein kalejira egiteko asmoa dute , eta lotuta dituztenean emango dute daten berri.
Pilotalekua beteta
Jaietan egon diren kirol ekitaldien artean Ikastolako frontoian jokatutako pilota partidak nabarmendu dituzte, abuztuaren 24koa bereziki. "Jokin Altuna, Ezkurdia, Zabaleta eta Rezusta bezalako pilotariak ikusteko sarrera guztiak agortu ziren. Ekitaldi horrek aurreko urteetan baino ikusle gehiago erakarri zituen, eta jaietako erakargarritasun handienetako bat bihurtu zen", esan dute.
Sokamuturrak eta udal eraikinetako balkoiak
Aurten, hiru ganadutegik parte hartu dute sokamuturrean: Lopenek abuztuaren 25ean, Rusok abuztuaren 26an eta Albarak abuztuaren 30ean. Herritarrek udal eraikinetako balkoietatik jarraitu ahal izan dituztela sokamuturrak izan da aurtengo berrikuntzetako bat. Izena emandakoen artean zozketa egin zuen Udalak, eta pozik daude ekimenak izan duen harrerarekin. Hori dela-eta, datozen jaietan errepikatzeko asmoa dute.
Zahar eta ume elkarrekin
Jubilatuen eta Umeen egunean zahar eta umeen artean estreinakoz egin zuten elkarlanarekin ere gustura daude. Haurrek eta erretiratuek hamaiketakoa prestatu eta banatu zuten Kalegoen plazan: salda, txorizoa eta haragi egosia. "Topaketa hori bereziki ondo hartu zen, belaunaldi ezberdinen arteko elkarbizitza sustatu baitzuen, aurreko edizioetan egin ez zena", adierazi dute. Ildo beretik, haur eta gaztetxoek buruhandien kalejiran parte hartze handiagoa izan dutela azaldu dute, haurrek erraldoiak eraman baitzituzten estreinakoz, Bergarako konpartsaren laguntzarekin eta Betisua eta Mauxitxa txarangekin batera egin zuten kalejiran.
Elgoibako alkate Maialen Gurrutxaga adierazi duenez, jai hauek Elgoibarrek herritar guztien inklusioarekin eta parte-hartze aktiboarekin duen konpromisoaren erakusgarri izan dira. "Jarduerak irisgarriak izan daitezen eta herritarren laguntza zabala izan dezaten lan egin dugu. Ildo horretan jarraituko dugu, gure jaiak guztiontzat gozamenerako gune izaten jarraituko dutela ziurtatuz".
Jaietan aktiboki parte hartu duten herritar guztiei, bai eta elkarte, herriko eragile eta elgoibartarrei oro har eskerrak eman dizkie Gurrutxagak Udalaren izenean.
Udalak, halaber, eskerrak eman nahi dizkie jaiak arrakastatsuak izan zitezen lagundu duten behargin guztiei, besteak beste, udal-teknikariei, brigadako langileei, udaltzainei, elkarteei, gizarte-eragileei eta mankomunitateko garbitzaileei.
Balorazio bateratua, aurrerago
Datozen asteetan, Udalak jaien balorazio bateratua egingo du, Udaleko sailekin, eragile sozialekin eta jai-batzordean parte hartzen duten pertsonekin batera, hurrengo urteetako jaiak "hobetzen eta aberasten" jarraitzeko.