Gaudíren eraikinak arrosaz apaindu eta eguna erreklamo turistiko bilakatzeaz gain, aurtengo Sant Jordi desberdina izan da. Ez naiz ari masifikazioaz edota merkantilizazioaz; horiek bere horretan mantendu dira beste urtebetez. Aurten mobilizazio urtea izan da. Llibre, rosa i mani lelopean, manifestaziora deitu zuten zenbait eragilek katalanaren egoera salatzeko.
Euskal Herrian gertatu den bezala, katalanak jasaten dituen erasoak gero eta eskandalagarriagoak dira, baina badakigu garai azkar hauetan eskandaluak gutxiegi irauten duela. Valentzian ezbaian egon da oinarrizko hezkuntzan erabiliko den hizkuntza (familien antolakuntzari esker mantendu dute eskolan katalanaren erabilera, botoen %50,53 lortuta), Mallorcan kolokan dago katalanezko liburuen azoka eskuin muturra dela eta, hainbat hizkuntza eskakizun jaitsi edo deuseztatu egin dituzte… ezagunak zaizkigu euskaldunoi eskubide linguistikoak ez errespetatze horiek guztiak.
Erabilera datuak ere gero eta baxuagoak diren honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da “urteko egunik politenek” kutsu aldarrikatzailea izatea, marko kultural zehatz baten barruan kokatzea, hizkuntza gutxitu batenean, hain zuzen. Ez ote dira, ordea, Sant Jordi eguna aldarrikapen egun bilakatu nahi dutenak emakumeari-arrosa-gizonari-liburua tradizioari egunero aurre egiten diotenak soilik izango?